Auzo Plan Estrategikoa osatzeko prozesuan egindako lau saioetan ekipamendu publikoak, tokiko komertzioa, garraioa eta mugikortasuna edota auzogiro zein eskaintza sozio-kulturala aztertu dituzte.
Irungo Larreaundi-Olaberria auzo elkarteak martxan duen Auzo Plan Estrategikoa aurrera doa. Hiriko bigarren auzorik populatuena da, eta hirigunetik hurbil dagoenez, "ekipamendu eta zerbitzu asko hirigunekoak baizik ez dituztela esan digute auzo elkarteko ordezkariek. "Eskura dauzkagulakoan badirudi auzoan ez direla behar, baina auzoak bere bizitza propioa garatu nahi badu, hainbat ekipamendu beharrezkoak ditu", dio Mikel Valerok, auzo elkarteko ordezkariak.
Hortaz jabetuta, eta auzokide gazte eta berri asko sartu denez bizitzera, dinamika azkartu egin du auzo elkarteak azken bi urteotan. Hobekuntza beharrak daudela jabetuta, Auzo Plana abian jarri zuten, eta dagoeneko egindako lau saioetan 40 proposamen bildu dituztela azpimarratu du Valerok. "Batzuk auzolanean gauzatu daitezke, baina beste batzuk udalaren inplikazioa beharko dute", argitu du.
Zentzu horretan, orain artean Irungo Udalarekin harremanak "gazi-gozoak" izan direla aitortu du auzo elkarteko kideak. Izan ere, aipatutako saioetan egiaztatu duten bezala, auzo elkarteko egoitza txikiegia geratu zaie gaur egun daramaten jarduera dinamika kontuan hartuta. Eta bileretan ere 50 lagun bildu izan direlarik "batzuk pasiloetan eta kanpoan ere geratu behar izan dira". Halere, udalak ez du 20.000 euroko diru partida onartu nahi izan egoitza handiago bat bermatu ahal izateko. Dena den, auzo planak duen parte-hartze maila ikusita, adostuko dituzten proposamenak udalari aurkeztuko dizkiete auzotarren hobebeharrez.
Horretarako, orain inkesta bat martxan jarri dute lehentasunak markatu eta zerrenda adosteko. Inkesta eskuz bete daiteke auzo elkartean bertan. Eta internet bidez egin daiteke. Auzoko komertzio eta ostatuetan inkestara lotura duen QRaren kartelak afitxatu dituzte. Eta bestela, avvlarreaundi@gmail.com helbidera idatziz eska daiteke.