Biriatuko inauteriak berriz antolatuko dituzte otsailaren 18an herria biziarazteko

Antxeta Irratia 2023ko ots. 10a, 00:00

Hamarkada bete egin du Biriatun inauteriak behar bezala ospatzen ez dituztela. Baina pandemia ondotik herriko eragile eta agintariek kultura eta herria biziarazteko abian duten desmartxarekin batera, inauteko dantza, kolore eta algarak itzuliko dira Biriatura. 

Emazte talde bat motibaturik zen inauteriko ospakizuna berreskuratzeko, eta herriko etxea bultzatzen ari den herria biziberritzeko dinamikari lotuta, euskal inauterien zirzila eta zaku zaharrekin batera, udaberriaren atarian hartza esnatu eta kaleko jendea izutzen saiatuko da. Hala, euskal inauteriak ospatuko dute etxez-etxe. Goizeko 10:30an Larretxeko Bordan hasi, 11:30an Aguerri-Berrin, 12:30rako Kurleko bidean, eta ondoko pausa egin eta gero, 15:00 Arrupian, Oihaneko bidean, eta 16:00 Anderrian Arruntzen izango dira. Gero 17:00etatik goiti herriko plazan elkartuko dira euskal inauterietako pertsonai guziak dantza eta besta egiteko.

Egun osoko besta egin ondoan, 2022 bukaeraz geroztik ateak berriz zabaldu dituen Xoldoko ostatuak gaualdia antolatu du ere.

Erlazionatuak