Bidasoa Atletiko Taldeak Irungo Maratoi Erdia antolatzen du otsailaren 26an. Bosgarren urtea da lasterketa hau antolatzen dutela, eta 1.000 partehartzaile biltzea espero dute.
Momentuz 600 lagunek izena eman dute, urtez-urte kirol agendan eta herri-lasterkarien egutegian sendotzen doan Irungo Erdi Maratoian. Antolatzaileak pozik daude probak bere lekua hartu duelako. Iñigo Eseverri BATeko ordezkariak lasterketaren aurkezpenean adierazi zuenez, “bost urteren bueltan lasterketa ezaguna da hirian eta, aurten, berriro ere hemen gaude pozik Maratoi Erdiaren aurkezpenean”.
Iragarri dutenez, aldaketa txiki batzuk besterik ez ditu izango aurreko edizioekin alderatuta. Ibilbidea berbera izanen da, baina Behobia alderaino luzatuko dute zirkito urbanoa. Izan ere, ibilbidea zirkularra da norbere gaitasunen arabera eskaintzen dituzten bi lasterketa aukeren artean hautatzeko. 10 kilometrokoa ala bi itzuli osatuz erdi maratoia. Goizeko 10:00etan hasiko da Zabaltza plazatik.
Antolatzaileen helburua 1.000 partehartzaile edukitzea da. Dagoeneko 600 bat korrikalarik eman dute izena lasterketan eta “datozen asteetan inskripzio gehiago edukitzea espero dugu, 1.000ko langatik hurbil egotea”, aipatu zuen Eseverrik.
Izena emateko epea otsailaren 24a bitarte egonen da irekita, www.kirolprobak.com webgunean. Gainera, BATeko ordezkariak “proba antolatzeko bolondresak” behar dituztela ere adierazi zuen eta, horretarako, nahi duen guztiei euren webgunean izena ematera gonbidatu nahi izan zituen.