Miren Etxebeste: «Denok geneukan susmoa, baina baieztatu egin da Irungo prostituzioaren bolumena estatu mailako arazoa dela»

Antxeta Irratia 2023ko ots. 9a, 00:00

Arrats elkartearekin egindako azterlanak ondorioztatu duenez, Gipuzkoa-Akitaniako prostituzioaren epizentroa da Irungo hiria. Horretan diharduten gehienak 31-45 urteko Latinoamerikako emakumeak dira, eta ukatuak zaizkien eskubideen ondorioz, askotariko diskriminaziora kondenatuak daude.

Irungo Udaleko Berdintasun arloak enkargatutako prostituzioari buruzko azterlanak itzalpean dagoen errealitate bati fokua ezarri dio aurreneko aldiz. Gipuzkoako Foru Aldundiak duela zenbait urte 30 bat prostitutaren lagin batekin egin eta ondoren iragarri ez zuen azterketaz haratago, lehendabiziko aldia baita horrelako azterlan bat egiten dela. Emaitzak eta ondorioak aztertuta, Miren Etxebestek, Irungo Udaleko Berdintasunerako ordezkariak argi du “Irun inguruko lurraldeetako prostituzioaren epizentroa dela, eta estatu mailako problema bat dela Irungo prostituzioaren errealitatea”. Izan ere, frantses Estatuan gogorki jazarria eta debekatua dagoenez, Akitania osoko bezeroak hurbildu ohi dira mugara. Kezkagarria izanik ere, kode penala errefomatzeko proposamen bat dute Madrilen mahaigainean, eta “frantses Estatuak duen ildo abolizionistaren” hari berekoa dela ohartarazi du Etxebestek. Azterlan honetan horri buruz ere galdetu dute.

Lagin esanguratsua

Ez ohiko azterlana da. Izan ere, ez da ohikoa prostituzioan ari diren pertsonek euren esperientziaren berri eman nahi izatea. Baina haiekin harreman estua duen Arrats elkartearen eskutik egin dute zuzenezko esku hartzeekin, eta 102 pertsonekin banakako elkarrizketak bildu dituzte. “Oso lan sakona da, 170 orrialde ditu txostenak, eta lagin oso esanguratsua da, baina askoz ere gehiago dihardute”, dio Berdintasunerako ordezkariak, Irungo prostituzioaren fenomenoaren tamainaren irudikoa dela aitortuz. “Prostituziora zer bultzatzen dituen galdetu zaie, baita zeintzuk diren haien beharrak eta kezkak ere”, beraz Irungo errealitateari buruzko argazki bat lortu dutelakoan dago. “Ez ikusiarena egin daiteke edo errealitateaz jabetu eta diskriminazioaren aurka borrokatu”, azpimarratzen du Etxebestek.

Prostituzioaren argazkia Irunen

Eta argazkia nahiko argia da. Irunen prostituzioan dihardutenen %98a emakumea da (%7a emakume transak) eta gainerako %2a gizonezkoak. Adinari dagokionez, 31-45 urte artekoak dira, eta gehienak Latinoamerikako jatorria dute. Gainera, horien erdiak baino gehiagok seme-alabak ala senideak dituzte beren ardurapena. Orohar jatorrizko herrialdean.

Horrexeagatik ere, elkarrizketatuen %48ak baizik ez du aitortu lanez aldatuko lukeela. Baina prostituzioan jarraitu nahi dutenek legeztatzeko eta lan baldintza duinak eskatzen dituzte. Nolanahi ere denek zailtasun beretsuak topatzen dituzte. Izan ere, prostituzioaren estigmatizazioa nabarmena da. “Adminsitraziora jotzen dutenean, langileen partetik diskriminazioa pairatzen dutela salatzen dute batzuk”, azaltzen du zinegotziak, “baina denek dituzte erroldatzeko zailtasunak, osasun txartela eskuratzeko edota gizarte zerbitzuetako baliabideak eskuratzeko”. Eta horrek, aldi berean, prostituzioaren zurrunbiloa uztea zailtzen die “askotariko diskriminazioen biktima izatera kondenatuak”.

Hartu beharreko neurriak

Behin argazkia eta diagnostikoa eginda, udalak dituen eskumenen araberako neurriak hartuko dituztela iragarri du Miren Etxebestek. Erroldatzea bermatzeko protokolo bat, profesionalak, herritarrak eta bezeroak indarkeria matxistei buruz sentsibilizatzeko kanpainak egin edota Irunen transmisio sexualeko infekzioak detektatzeko probak egiteko aukera ematea. “Hori Osasun Sailak eskaintzen du, baina udalek badute akordioak lortzeko aukera”, argitu du.

Beste hainbat neurri ere har daitezkeela agerikoa bada ere, goragoko erakundeen eta agintarien esku dauden erabakiak dira. Zaila baina beharrezkoa dela dio Etxebestek. “Denok geneukan susmoa, baina baieztatu egin da prostituzioaren bolumena ez dela Irungo biztanleriaren mailakoa, inguruko herrialdeen politiken ondorio bat baizik, eta momentuz, hemen jasaten dugun egoera eta prostituten kopurua da mugan gaudelako, eta orduan estatu mailako arazo bat da”.