Inauteriak ate joka dituzte Irunen. Heldu den larunbatean (otsailak 11, 19:00etan) Kaldereroen Desfilea ospatuko dute, San Migel auzoko Alberto Anguera plazatik abiatu eta San Juan plazaraino.
Arratsaldeko 19:00etan eman du hitzordua Irungo Atsegiña elkarte antolatzaileak. Eta ostegun honetan azken entsegua egingo dute euren elkartearen egoitzan arratsaldeko 19:00etan. Nahi duen orok parte har dezakela esan digu Jose Aranburu, elkarteko kide eta Kaldereroen antolatzaileak.
70. hamarkada hasieran berreskuratu zuen Irungo Atsegiñak ohitura zahar hau, eta zingaroak direlarik, kalez-kale lapikoen harrabotsarekin inauteriak iragarriko dute aurten. Ilusio handiz aritu dira antolatzen. Pandemia ondotik inoiz baino jantziagoa izango baita desfilea, Lezoko baserritar batek utziriko astoen gurdiak ere baliatuko dituzte aurten. Eta zenbait sorpresa gorde dituzte. Besteak beste, Kemen datza taldearen kauterak gonbidatu dituzte, San Juan plazan egin ohi duten kaldereroen zingaroen ezkontzaren errepresentaziora. Jose Aranburuk eman dizkigu zingaroen ohitura bitxi eta jantzien zergatien berri.
OHARRA: Kaldereroen desfilea 19:00etan abiatuko bada ere, larunbatean 18:50etatik aurrera Hondarribia kalea itxita egongo da bi noranzkoetan. Eta Colon ibilbidea ere itxita egongo da Hondarribirantz osorik. Gipuzkoa hiribideko bidegurutzetik aurrera, San Juanerantz bakarrik ibili ahalko dira ibilgailuak. Eta Udaltzaingoak jakitera eman duenez, 20:30ak aldera zabalduko dute trafikoarentzat.