Eva Aranguren psikologa: «Ohea eta janariaz gain, migranteen osasun mentala zainduko bagenu, arazo asko sahiestuko lirateke»

Antxeta Irratia 2023ko ots. 8a, 00:00

Joan den ostiralean aurkeztu zuen Palmera-Monteron Eva Aranguren psikologa eta SOS Arrazakeriako kideak, 2022an egindako azterketaren txostena. 'ELKAR GURUTZATUTAKO BIZITZAK IRUNGO MUGAN: Entzuketaren fruituak. Iragaitzazko Migratzaileentzat Laguntza Psikosozialaren beharra' izeneko azterlana gure eskualdera egunero iristen diren migratzaileen harresi emozionala izan du aztergai. 

Entzuketa aktiboa metodologiaren oinarri hartuta, beraiek kontatu ziotenarekin osatu du txostena. «Haiekin hitz egin baino, entzun egin dugu, beraiek kontatzeko zutena esplikatzeko espazioa eman diegu». Izan ere, Gurutze Gorriak Hilanderas kalean (Arretxegainan) kudeatzen duen aterpetxean asistentzia oinarrizkoa da «janaria, arropa, loa eta laguntza juridiko basikoa», baina behar emozional hori ez dago estalia, eta hori ikusirik pertsona migranteen artean beharrekoa delakoan dago. Hori egiaztatu ahal izan du 99 migranterekin (11 emakume eta 88 gizonezko) elkarrizketak eginez.

Pertsona hauengana hurbiltzerakoan jarrera irekia izan dutela dio, baina euren migrazio-prozesuan bizitutako zenbait pasadizo ez dutela kontatu nahi izan aitortzen du. Norbere herrialdea atzean uzteko arrazoiak anitzak izan daitezkeela kontuan hartuta, urteak ematen dituzte Irunera heldu orduko. Eta hori ere kontuan hartu du azterketa egiterakoan. «Bakoitzak bere arrazoia dauka modu irregularrean migratzeko, gerrak edo arrazoi politikoak izan daitezke, Europan lan egiteko helburua edo ikasteko ere», dio Arangurenek, «espektatibak eta ametsak desberdinak dituzte, baina gero aurkitzen duten errealitatea bat da».

Migrazio bidearen trauma-zakua

Zentzu honetan, Bidasoa ibaian espainiar eta frantses Estatuek ezarria duten Europa barneko muga ez da migratzaileek bidean topatu dituzten beste mugak bezalakoa. «Normalean korri egitea izan dute estrategia, presa eta estresa oztopo larriak gainditzeko, eta honera iristen direnean pazientzia eskatzen diegu dauden kontrolak direla eta, baina ez dute hori ulertzen», azaltzen du psikologak. Horrek «antsiedade eta frustrazio handia» sorrarazten diela argitu ahal izan du egindako azterlanean. Gehienak egun gutxi batzuk iragan ohi dituzte Irunen Ipar Euskal Herrian bidea jarraitu aurretik, baina muga hobeto gurutzatzeko baliagarria izan daiteke laguntza psikosoziala.

Bere ustetan, «urduritasunak, beldurrak eta sentimenduen nahaspila kudeatzen lagunduz gero, erabakiak buru argiagoarekin hartuko lituzkete, arriskuak sahiestuz eta ez beroan». Eta aldi berean, etorkizunean lagun hauek garatu ditzazketen trastornoak ere ekidin daitezkeela dio. «Haiekin hitzeginda ikusten duzu, batzuk lo egiteko zailtasunak dituztela, egindako migrazio bidearen bizipenei buruzko flash-backak dituztela, kasu batzuetan pentsamendu suizidak edo erruduntasun sentimendua ere», argitzen du Eva Arangurenek, «horrek trastornoak eragin ditzazke epe luzera, depresioak eta fobiak».

Emakumeen kasuan ere, askotan adin txikikoak diren seme-alabekin migratzen dutenak, zailtasunak eta traumak handitu daitezke. «Jasaten dituzten biolentziak ez dira berdinak migrazio bide horretan, zaku doblea izan dezakete eta halere aurrera segitzen dute», dio Arangurenek aitortuz aldi berean, ikerketa honen baitan topatu dituen emakumeak «oso resilienteak dira, oso indartsuak dira etortzen direnak».

Hau guztia kontuan hartuta, harrera duin eta integral bat eman nahi bazaie, aterpetxean bertan profesionalen laguntza psikosoziala ezinbestekotzat jotzen du psikologa honek. Eta Gurutze Gorriaren harrera zentroan beharko luke bere ustetan, «migranteek gune segurua sentitzen dutelako, atseden hartzen duten lekua». Txostena www.sosracismo.eu atarian zintzilikatuko dute denen eskura.