Txingudiko Pentsionisten Plataforma martxoaren 13tik 18ra Bilbon egingo dituzten ekintzetara batzeko deia luzatu du.
Egunotako mobilizazioen harira, Txingudiko Pentsionisten Plataforma Hendaian eta Baionan izan da erretreta erreformaren kontra Iparraldeko herritarrei sustengua emanez. Baina Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) pentsionisten mugimenduak Hegoaldeko mobilizazioak ere azkartuko dituela iragarri du. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzen daramatzate bost urte, baina baita adinekoentzat erresidentziak eta beste hainbat behar asetzea ere.
Astelehenero Irungo San Juan plazan eguerditan elgarretaratzea egiten dute. Eta astearte honetan Gipuzkoako plataformen asanblada egin zuten. Bertan adostu dutenez, Euskadi mailako federazioko pentsionistek indarrak bilduta, martxoaren 13tik 18ra Bilbora joko dute mobilizazioetara. Xole Aguirrek, Txingudiko plataformako kideak azaldu digunez, Emakunderekin eta Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoekin ere bilera erronda egingo dute aste horretan, eta martxoaren 18an manifestaldi handia Bilbon. Baina esanguratsuena 30 lagunek egingo duten itxialdi eta gose greba izango da.