Behobia «transformatuko» duen Lastaola-Postetxeko plana 2025ean martxan jarri nahi dute

Antxeta Irratia 2023ko ots. 8a, 00:00

Auzoko trafiko handia «bideratzeko eta kalmatzeko» biribilgunea, eta 170 etxebizitza (100 sozialak) berri ekarriko dituen proiektuaren baitan, Irungo Udalak egin beharreko diru ekarpenak 2024an aurreikusten dituzte. 

Irungo udal ordezkariek Behobia auzo elkartean Lastaola-Postetxea Plan Berezia aurkezteko bilera informatiboa antolatu dute asteazken honetan 19:00etan. Behobia Bizirik plataformaren haserrea ekarri duen proiektua da honakoa, ez delako haien iritzia kontuan hartu. Baina udalak aurrera egin du 2015az geroztik zehaztutako planaren bide-orria jarraituz. Irungo udalbatzak joan den abenduan Lastaola-Postetxeko Plan Berezia onartu ondotik, udal gobernuak jakinarazi du orain, Behobia auzoaren «transformazioa» ekarriko duen proiektuaren lehen diru ekarpenak 2024ko udal aurrekontuetan sartuko direla, eta obrak 2025ean hasteko moduan egongo direla. Kontuan hartu behar baita, bertan eraikiko diren 169 bizitokietatik 100 inguru IRUNVIren eskutik publikoak izango direla.

2015az geroztik zehaztutako hirigintza proiektua izaki, Miguel Angel Paezek dioenez, Behobiako ordenazio urbanistikoa baino, aurreneko aldiz ordenatzako proiektua da honakoa: «Historikoki mugako auzoaren izaerak markatu du auzoaren garapena, gasolindegiak eta dendak izan dira nagusi, eta ezin izan da beste auzoen antzera garatu”. Baina behin Ura Agentzia, estatuko Costas eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren txostenak onartuta, eta gasolindegia kenduta proiektuari bide eman diote.

Juan Thalamas Thalamas Labandibar kalean (N-1 errepide nagusia zena) biribilgune handi bat aurreikusten dute auzoaren sarreran, «trafikoak bideratzeko, eta zirkulazioaren abiadura apaltzeko» helburuarekin. Bestalde, arkupean zen gasolindegiaren eremuan eta errepide bazterreko baratzeetaraino 170 etxebizitza eraikiko dituzte. Horietatik IRUNVIk 100 kudeatuko dituenak etxebizitza sozial gisa. 203 lurrazpiko aparkaleku ere eraikiko dituzte. Eta partzelaren %24a berdeguneak izango direla iragarri du udalak, etxeen arteko pasabide gisa. «Terraza berde bat» irudikatzen du Paezek.

Behobia Bizirik plataformaz

Honek Behobia Bizirik auzo plataformaren haserrea piztu du. Izan ere, Irungo arkitekta batek egindako korridore edo lorategi ekologiko baten proiektua proposatu zuten baratze gune horretan egiteko. Europan sariztatutako arkitektura proiektua izan da, urteko lorategi proiektu onena bezala. Baina udal gobernuak ez du kontuan hartu. Udal ordezkari sozialistak dio auzokideekin bildu dela. «Zehazki etxe berrien atzealdean geratuko diren Dario de Regoyos kaleko bizilagunekin», dio Paezek, «Udalak proiektua idatziz jaso zuen eta aintzat hartua izan da». Baina baratze horiek balio ekologikorik dutenik ukatu egin du. Eta proiektu hau 2015az geroztik jakina zelarik, proposamenaren atzean beste arrazoi batzuk daudela uste du udal ordezkariak. Zilegia izanik ere, «parean etxebizitzak eraikitzeak bisualki suposatuko dien aldaketa sahiestu nahi izan dute, baina proiektua argia zen hasieratik».