Hendaiako Harri-Xabaleta (Bas Quartier) auzo elkarteak ‘Ibilaldia’ antolatu du ostegun honetan. Arratsaldeko 17:00etan Beltzeniako janari-dendatik abiatuko dira auzoan dauden mugikortasun arazoak, eta bizikleta zein oinezkoendako gune arriskutsuak bertatik-bertara aztertzeko.
Duela 9 urte auzo elkartea sortu zutenetik orain artean, auzoan abiadura murrizteko hainbat proposamen egin izan dizkiote herriko etxeari. Bide horretan, Beltzeniako Pellot biribilgunearen inguruan 20 kilometro orduko abiadura murrizteko egokitzapen zenbaitzuk egin ditu herriko etxeak. Hau ondo baloratzen dute auzokideek, baina neurri gehiago nahi dituzte. Migueltxo Jimenezek, auzo elkarteko kideak azaldu duenez, «abiadura muga ez da errespetatzen, eta herriko etxearen ardura da indarrean emandako neurriak betearaztea». Baina hortaz gain, Komandanpasiko karrikan espaloiak estuak edo batere direnez, autoen errepidetik joatera behartuak daude oinezkoak, eta Tunel karrika ere «puntu beltz arriskutsua» dela nabarmendu du Migueltxok, autoak abiadura handian doaztelako.
Euren aldarrikapena ez da berria. Baina herriko etxeak « pedagogía egitea» auzotarrei dagokiela erantzun zien azken bileran. Eta horretan ahalegindu dira. Barraskilo bat ikur duten kartelak afitxatu dituzte auzoan, baina kaleak egokitzea ezinbestekoa dela dio auzotarrek. Jakin izan dutenez, herriko etxeak radar kontrol bat egin du abiadurak neurtzeko, baina ez horren emaitzak ezta trafikoa kalmatzeko hartuko dituzten neurrietaz ere, ez dute informarziorik ukan oraino.
Hori dela, Harri-Xabaleta auzo elkarteak ibilaldia antolatu du ostegun honetan (otsailak 8) 17:00etan Beltzeniako Pellot biribilguneko janari-dendatik abiatuta. «Bizilagunekin batera arazoak identifikatu eta beharrak zeintzuk diren zerrendatu nahi ditugu, eta martxoaren 2an dugun asanbladan eskaerak adostu gero», dio Jimenezek. Ondoren herriko etxera joko dute neurriak exijitzera.