Hemen lan egin eta erabakitzeko deia luzatu du LABek, pentsio duinen aldeko borrokan mugak apurtuz

Antxeta Irratia 2023ko ots. 8a, 00:00

Baionako hirugarren manifestazioaren ondoko egunean, LAB sindikatuak deituta 200 lagun inguruk gurutzatu dute Hendaia-Irun arteko muga, pentsio duinen aldeko borrokari aldarri emateko. “Hemen lan egin, Hemen kotizatu, Hemen erabaki!” lelopean, borrokak lotu eta mobilizazioek mugak apurtu ditzaten deia egin dute. 

Atzo hirugarren mobilizazio handia izan zen Baionan, frantses Gobernuaren Erretreten erreforma proiektuaren kontra. 12.000 jende ziren karriketan antolatzaileen arabera, eta 7.000 poliziak eman zenbakietan. Aitzineko aldietan baino gutxiago, ikasleen sustengu falta sentitu baitzen, baina hirugarrenez jende anitz atera da berriro Baionako karriketara. Denen ahotan 64 urte arteko lanaren errefusa, eta Gobernuari mezu bat: «herritarrak entzun ditzala». Haserre ziren atzo Baionako karriketara jautsi ziren milaka jendeak frantses gobernuarekin, eta ez dutela amore emanen ere entzuten zen sindikatuen bozgoragailuetatik.

Hilobi beltz bat, gainean inskripzio bat duela: «64 urte zituen». Sinbolo hori eskuetan egin dute manifestazioa milaka pertsonak Baionako karriketan, Frantziako Gobernuaren erretreteten erreforma proiektua «injustu eta bortitza» bertan behera uzteko eskatuz. Tren geltokian hasi eta San Leoneko biribilgunean bururatu zuten manifestazioa, larunbateko mobilizazio erraldoiaren beha. Izan ere, greba egin nahi…baina ezinezkoa zaien langileek ere parte har dezaten larunbateko manifestazioan.

Mugako manifestazio nazionala

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak ere parte hartu zuen atzo Baionako mobilizazioan. «Neurri atzerakoiak dira mahai gainean daudenak, pentsio sistema ahultzera datozenak, eta horren aurka kalera ateratzea garrantzitsua da», adierazi du, langileei sostengua adierazita. Halaber, Espainiako Estatuan azken urteetan izandako erreformekin alderatu du Frantziako Gobernuak gauzatu nahi duena. «Sistema publikoa ahultzen dute, pribatuaren mesedetan».

Horren salatzeko, eta Ipar zein Hego Euskal Herriko langileen indarrak biltzeko deia eginez, manifestazio nazionala egin dute asteazken honetan LAB sindikatuak deiturik. Hendaiako tren geltokitik abiatu eta Irungo Ficobaraino joan dira goizeko 11:00etan “Hemen lan egin, Hemen kotizatu, Hemen erabaki!” lelopean. Borrokak lotu eta mobilizazioek mugak apurtu ditzaten deia egin du Igor Arroyo LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrak.