Eskualdeko 17 udalek babestu dute bailarako herrietako merkataritza eta komertzioak babestu eta sustatzea helburu duen plan hau. Gainera, lehen aldiz, Nafarroako Gobernuak %80an diruz lagunduko du proiektua.
Baztan Bidasoaldean, bertako herrietako merkataritza eta komertzioak babestu eta sustatzeko asmoarekin, Merkataritza Erakarpen eta Antolamendurako Plana (MEAP) osatuko dute. 17 udalerrik onartu dute proiektu hau aitzinera eramatea eta Nafarroako Gobernuak ere, lehen aldiz, diruz lagundu du, %80an proiektua finantzatuz.
Bi helburu nagusi ditu MEAPak. Batetik, eskualdeko herrietako komertzioak babestu eta bertako merkataritza sustatzea. Bertzetik, 17/2001 Foru Legea betearaztea. Hain zuzen ere, Nafarroan derrigorrezkoa da udalerri guztietan merkataritza plan bat edukitzea, baina momentu honetan, soilik lau udalerrietan betetzen da lege hau. Gainera, Baztan Bidasoaldean sortuko den MEAPa aitzindaria izanen da. Izan ere, Nafarroako Gobernuak, lehen aldiz, proiektua diruz lagunduko du %80an.
Plan hau martxan paratzeko gakoetako bat Denok Bat Fundazioak egindako lana da. Baztan, Malerreka eta Bortzirietako komertzioen elkartea da hau eta urteak daramatzate euren herrietako komertzioak garai berrietara egokitzen, hauek mantentzeko eta babesteko helburuarekin. Deñe Abuin Lesakako Kattagoria Lentzeriako jabea da, baita Lesakako Zerbitzuen Elkarteko presidentea eta Denok Bat Fundazioan Bortzirietako ordezkaria ere. MEAPak jaso duen babesarekin pozik dagoela azaldu digu: “Oso kontent gaude, motibatutak. Horrelako gauzak lanean jarraitzeko indarra ematen du”.
Lana, ordea, ez da hasi bertzerik egin. Azken urtean inkesta bat egin dute bailaran merkataritzak duen egoeraren irudi bat egiteko. 500 etxeetan eta 80 establezimenduetan egin dituzte inkesta anonimoak eta horien datuak bildu dituzte berriki. Abuinek aipatu duenez, “orain mahai batzuk eratuko ditugu datu horiek aztertzeko eta herri bakoitzaren egoerari egokitutako plan bat osatzeko”. Lesakan, otsailaren 13an, datorren astelehenean, eginen da lehen bilera. Bortzirietako herri honetan turismoarekin batera uztartuko dute merkataritzaren afera, biak lotuta baitaude Abuinek azpimarratu duenez. Udaletxeko Pleno Aretoan izanen da, 14:30ean. “Bailara mailan ere mahai bat osatuko dela” aitzindu du Lesakako dendariak.