Otsailaren 8an erretreta erreformen kontrako manifestazio nazionala deitu du LAB sindikatuak Hendaiako tren geltokitik Irunekin lotuz goizeko 11:00etan.
Astearte honetan hirugarren greba eguna deitu du intersindikalak frantses estatuan. Erretreten erreformaren kontrako mugimendua azkartzen doa, eta Ipar Euskal Herrian ez ezik, «kapitalaren erasoari» Euskal Herri mailan erantzuteko beharra aldarrikatu du LAB sindikatuak. Hendaia-Irun arteko deialdiarekin Euskal Herri mailan mobilizatzen dira, lelo argi batekin ‘Hemen lan egin, hemen kotizatu, hemen erabaki! Pentsioen Erreformari ez!’.
LAB sindikatuko Iparraldeko koordinatzailea, Argitxu Dufau izan dugu Goizeko Kafean gonbidaturik, eta pentsio sistema publikoaren desmantelatzeko ahalegina Europar mailako dinamika bat dela ohartarazi du. «Badakigu Parise eta Madrilekin ez dela posible justizia soziala, sistema bat permititzen diguna langileei duinki bizitzea, beraz gure apostua da Euskal Herrian eraiki dezagun hori, sistema propioa, publikoa eta duina», dio Argitxu Dufauk. Horretarako, agintariek aurkezten dituzten argumentu guztiak deseraiki behar direla dio, «sistema salbatzeko hartu neurriak direla diote, baina ez da egia, ez dago kinka larrian». LABek alternatiba argiak proposatzen ditu. «Soldata arrakala borrokatu behar da, espreski emazteenak, gure lansariak ttipiagoak dira eta lan partzialak dituzte emakume askok, eta horrekin gutxiago kotizatzen dugu, eta pentsioa apalagoa da», dio LABeko koordinatzaileak. Baina ihes fiskala ere hor dagoela oroitarazi du sistema defisitarioa denik ukatuz. «Aberatsei zerga gehiago eskatzerik bada. Paradisu fiskala da Frantzia aberatsentzat, hori errealitate bat da eta erran behar da», argitzen du, «aitzakia besterik ez da, erretreta delako orain, baina aberastasunaren banaketa ereduaz ari gara oinarrian, eta horregatik hainbeste jende karrikan da haserre, konturatzen garelako ez dela justua lan egin, gehiago pagatu eta gaizki bizitzea».