Berdintasun Plan berrian alarde parekidearen erronkak txertatzea ezinbestekotzat jo badu ere, "Emakunderen txosten osoa alardearen puntura mugatzea" gehiegikeritzat jo dute sozialistek.
Irungo udal gobernu koalizioaren baitan Berdintasun Plan berriak aste honetan sorrarazi duen eztabaida argitu du Irungo alderdi sozialistak. Miren Etxebestek, Berdintasun arloko ordezkariak Jose Antonio Santano alkatea interpelatu du, Emakundek egin duen oharra kontuan hartuko ote duen argitu dezan. Otsaila edo martxoko udalbatzetan onartu beharko litzakeen Udal V. Berdintasun Planean, Alarde parekidearen erronkak barneratzea ezinbestekotzat jo baitu Emakundek. Eta alkateak abenduan izenpetutako zirriborroan "urtebeteko parte-hartze prozesuan onartu zen alardearen puntua aldebakarrez ezabatu" izana leporatu dio Elkarrekin Podemos gobernu koaliziokideak.
Cristina Laborda alkatesa-ordearen ustetan, Berdintasun Plan berria aurrerapauso garrantzitsu bat da berdintasun politikak garatzeko, eta "pozik" azaldu da Emakundek egindako txostenak hori nabarmentzen duelakoan. Baina egindako oharrak "lotesleak ez direla kontuan hartuta, egokitu beharrekoa Bozeramaleen Batzordeak onartuko duela" oroitarazi dio Etxebesteri. Nolanahi ere, Emakundek egiten dituen oharrak 19 orrialdeko azterketa txosten baten parte dira. Eta Labordak dioenez, garrantsitusa izanagatik ere, "ezin da txosten osoa Alardearen puntura mugatu".