Osasun publikoaren defentsan 'Irunen uxo eta Gasteizen otso' izana leporatu dio Elkarrekin Podemosek PSEri

Antxeta Irratia 2023ko ots. 3a, 00:00

Atzo Eusko Legebiltzarrean Bidasoa eskualdeko eta bereziki Irungo osasun zerbitzu publikoen gabezia aitortu zuten talde politiko guztiek. Baina Irungo udalbatzan agertutako jarreraren kontrakoa bozkatu dute sozialistek Gasteizen, Oinaurreko hirugarren anbulategiaren aurka kokatuz. 

Eusko Legebiltzarreko atzoko saioan, Elkarrekin Podemosek Osasun Bidasoa Plataformaren aldarrikapenak biltzen zituen Osasun Plan Integral baten beharra aldarrikatu zuen David Soto eusko legebiltzarkide irundarrak. Ospitalearen eraberritzea eta handitzea ez ezik, Irungo Udalak 2015az geroztik Oinaurren erreserbatua duen hirugarren anbulategia eraikitzeko proiektua galdegin zuen beste behin ere. Osasun Bidasoa Plataformaren aldarrikapenekin bat eginik, Dunboa eta Erdiguneko anbulategi zaharren zaharberritzea ere exijitu dute.

Hala, premia gorria dagoela denek onartu duten arren, EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten. Joan den asteko Irungo udalbatzan alderdi sozialistak horren alde egin bazuen ere. Kontraesanetan sartu direla salatu du David Sotok. "Bidasotar eta irundar guztien interesen aurka kokatu dira, eta Irunen makroanbulatorio bat eraikitzeko proiektu irrealaren alde", dio Euskadiko Elkarrekin Podemoseko ordezkariak.

Kontraesan eta irudi harrigarriak

Zentzu honetan, Irungo Elkarrekin Podemoseko bozeramale David Nuñok bere harridura adierazi du jeltzale eta sozialisten jarrerarekin. "Irudi bitxia eman zen atzo Eusko Legebiltzarrean, gurekin batera EH Bildu eta PP alderdiak atera baitira Osasun Bidasoa Plataformaren ondoan", dio Nuñok "harrigarria bada ere, defentsa irmoagoa egin dute oraingo honetan popularrek sozialistek baino".

Anartean, Irungo EAJ pozik azaldu da ohar baten bidez, Eusko Jaurlaritzak eurek azken hilabeteotan defendatu duten VIA IRUN 2030 eremuko anbulatorioaren proiektua babesten duelako. Baina Nuñok dioenez, "2026rako egingarria dela dioten arren, hor ez dugu anbulategirik ikusiko, urteak pasako dira eta tren geltokia, Aduana eraikin berritua eta pasarela besterik ez dugu izango, eta osasun lehen arreta zerbitzu prekarioekin jarraituko dugu Irunen".

Bestalde, PSE alderdiaren kontraesanak ulergaitzak direla salatu du Irungo Elkarrekin Podemosek. "Irungo udalbatzan Oinaurreko anbulategiaren alde bozkatu zuten, eta dokumentu berbera Eusko Legebiltzarrean aurkeztuta, ezezkoa bozkatu du, Irungo lehen arreta zerbitzuak premia gorriak dituela aitortuta ere", esan du David Nuñok. Bien bitartean, Irungo sozialistek "entzuketa aktiboa" egin dezala galdegin dio Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari, Gotzone Sagarduiri, "irundarren beharrei lehenbailehen erantzuteko".