Pentsio publikoen defentsa azkartzen doa, eta babesak ugaritzen

Antxeta Irratia 2023ko ots. 3a, 00:00

Otsailaren 8an manifestazio nazionala deitu du LAB sindikatuak Hendaia-Irun artean, eta astearterako intersindikalaren hirugarren greba egunaren deialdiarekin batera, 250 lagun bildu ziren atzo Hendaian mugazgaindi. 

Azken bi asteotan intersindikalak deituta Baionan egindako manifestazio historikoen ondotik, heldu den asteartean greba deialdi berri bat egin dute frantses gobernuak plantan eman nahi duen erretreta sistemaren erreformaren kontra. Baina tokian-tokiko mobilizazioak ere deituko dituzte egunotan Donibane Garazi, Baiona eta Maulen. Atzo, aldiz, 250 lagun bildu ziren Hendaiako tren geltokian CGT eta LAB sindikatuek deituriko elgarretaratzean. Mobilizatzen jarraitzeko beharra azpimarratu dute. Odile Dirachet, CGTko Hendaiako ordezkariak dioenez, "ikusten ari gara mugimendua azkartzen ari dela, eta langileok kaleak hartu ditugula, eta espero dugu indartzen jarraitzea".

Zentzu honetan, indarrak biltzen doa mugimendua. Izan ere, Baionako astearteko manifestazioan bezala, Hendaiako elgarretaratzera hurbildu ziren Hegoaldetik Txingudiko Pentsionisten Plataformako kideak ere. 30 lagun inguru izan ziren Hendaiako tren geltokian eta "erretretea edo jubilazio sistema publikoaren alde borrokatzen jarraitzeko Europa osoa batu eta elkarte amankomuna eratzeko" deia egin zuen Xole Agirre plataformakideak. Eurek bost urte daramatzate borrokan, astelehenero Irungo San Juan plazan mobilizatzen. Eta argi dute, "agintzen duenak agintzen duela, pentsioak defendatuko ditugula, baina honek itxura txarra hartua du", aitortzen du Agirrek.

Hendaiako elgarretaratzeaz gain, hirugarren greba egun deialdia luzatu dute sindikatuak otsailak 7rako. Eta LAB sindikatuak manifestazio nazionala antolatu du Hendaia-Irun artean otsailaren 8an. Goizeko 11:00etan abiatuko da tren geltokitik, eta pentsionisten plataformak ere bat egingo dutela iragarri dute.

Erlazionatuak