Mugaren «harresi emozionala» apurtzeko, migranteek laguntza psikologikoa behar dutela dio azterketa batek

Antxeta Irratia 2023ko ots. 3a, 00:00

Migrazioak eta Bidasoko mugak sorrarazten duten ansiedade, frustrazio eta beldurrak kudeatzeko, profesionalen laguntza beharra identifikatu du Eva Aranguren psikologak, Irun-Hendaiako mugan 100 migranterekin egindako entzuketa aktiboan.

Entzuketa aktiboaren emaitza da Eva Arangurenek, psikologa eta SOS Arrazakeriako kideak gaur 17:30ean Irungo Palmera-Montero gunean (5.salan) aurkeztuko duen 'ELKAR GURUTZATUTAKO BIZITZAK IRUNGO MUGAN: Entzuketaren fruituak' azterketaren txostena. "Beraiei eman zaie ahotsa eta espazio bat kontatzeko nola bizi duten migrazioa, eta nola bizi duten muga hau, ez delako gainditu dituzten beste mugak pasatzeko estrategia berdina behar". Beste mugetan korri egitea eta presa izan dute estrategia. Bidasoan, aldiz, administrazioen kontrol polizial zorrotzen eta beroan egiten dituzten itzulketen ondorioz, pazientzia da giltzarri.

Arretxegainako (Hilanderas kalea) Gurutze Gorriko aterpetxearen kanpoaldean eta mugetako zubietan 100 bat migranterekin elkartu da haien egoeraz interesatzeko. Eta migrazioak eragiten dizkien ansiedade, frustrazio, beldur eta emozio nahaspilari buruz hitz egin du haiekin. Bereziki zaku pisua daramate horietariko askok, eta bereziki emakumeen kasuan, migrazio-bidean egoera bortitzagoekin topo egin ohi dutelako.

Harrera integralaren beharra

Horrenbestez, gaur egun Gurutze Gorrian egiten zaien harrera agian ez dela guztiz integrala ondorioztatu du. "Migranteak gure komunitatearen parte dira une honetan, eta lagundu eta zaindu behar ditugu, sahiestu ditzazkegulako geroko trastorno edo sintomak", dio psikologa honek. Txostenak agintariak horren gaineko beharraz jabetu daitezen baliagarria izan daitekeela uste du Arangurenek.

Izan ere, gaur egun migranteek ez dute Irungo Harrera Sareko bolondresen akonpainamendu emozionala baizik, eta bere ustetan, "migranteei harrera integralak laguntza psikologiko profesionala behar du". Eta horretarako, harrera zentroa da egokiena. "Haientzat gune segurua da, eta profesionalen laguntzak migrazioa hobeto eta beharbada azkarrago egitera lagundu dakieke", bere ustez.

Eva Arangurenek aipatutako azterketaren txostena aurkeztuko du Irunen ostirala honetan (17:30an) Palmera-Montero gunean. Eta bertan izango dira ere, SOS Arrazakeriako arlo juridikoaren ordezkaria, Mazkiaran, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kooperazio zuzendaria, Fernando San Martin. Ondoren, txostena www.sosracismo.eu atarian zintzilikatuko dute denen eskura.