Mairuen usadio zaharraren lekukoa belaunaldi berriek har dezaten deia egin du Emekik

Antxeta Irratia 2023ko ots. 2a, 00:00

1992an berreskuratutako usadio zaharrari segida emango diote otsailaren 18an. Akartegi, Zimizarga eta Arkollako hogei bat baserritan puska biltzean ibiliko dira "trapu zaharrekin jantzita".  

Usadio zahar guztiekin bezala, inork ez daki Hondarribiko mairuak noiz ospatzen hasi ziren. Baina garai batean, inauterietan "izpiritu txarrak erratzaz uxatu" eta baserriz-baserriko puska biltzean ospatzen zituztela jakin izan zuten Hondarribiko Emeki elkarteko kideek, eta ondoren 1936ko gerla zibilarekin galdu egin zela.

Baina ustez baizik ez zen desagertu. Izan ere, Celestina Miranda Bengoetxeak mantendu zuen ohitura "aurpegia kortxo errearekin beltzutu eta arropa zaharrak jantzita". Hondarribiko kaletarrek ezezaguna zuten hori, baina ongi ezagutzen zuten baserritar edo bordariek. Horrela, 1992an ohitura zahar honen jatorria aztertu ondoren, Emeki elkarteak berreskuratu zuenetik ia urtero ospatu dute. Hasieratik ibili da horretan Maria Jesus Berrotaran. Eta berak eman dizkigu xehetasun guztiak. Aitortu digunez, urtero ospatzeko kemena dute, baina azken urteotan familiei haurrekin partehartzeko deia luzatzen dute. "Usadioak ezagutu eta belaunaldi berriek jarrai dezaten da helburua, usadioa itxeki nahi bada", dio Berrotaranek.

Aurten ere, Akartegi, Zimizarga eta Arkollako 20 bat baserritatik pasako dira dantza, algara eta poza herriko baserritarrekin partekatzeko xedez. Horietako asko haien esperoan izaten direla aitortu digu Berrotaranek. Eta Celestinari bisita egin ohi diote. Parte hartu edo usadio zaharra bertatik-bertara ezagutu nahi duen orok, otsailaren 18an izango du horretarako aukera. Goizeko 10:00etan hitzartu dira Jaizkibel akanpalekuaren atarian, eta Montañenea baserrian hasiko dute ibilbidea. Trapu zaharrak jantzi eta aurpegia estaltzeko lastozko kapelu bat baizik ez da behar.