Hendaiako Bagera elkarte feministak 2022an bortizkeria matxista pairatu zuten 35 emazte lagundu ditu aurrez-aurre, eta martxan jarritako laguntza telefonoan 50 emaztek bilatu zuten haien laguntza. Bortizkeria matxistari aurre egiteko sentzilibizazio ekintzak antolatzen ditu, baina laguntza dispositiboak beharrezkoak direla ohartarazi dute.
HCE (Haut Conseil à l`égalité) erakundeak kaleratutako azken datuen arabera, indarkeria salaketak %32 goratu dira Frantziako Estatuan. 2021ean 122 emakume hil ziren indarkeria matxistaren ondorioz, aurreko urtean baino %24 gehiago. Urte berean, espainiar Estatuan 43 emakume erahil zituzten, eta Euskal Herrian bost. Egoeraren larritasuna kontuan hartuta, Hendaian BAGERA kolektiboak indarkeria matxistaren biktimentzako laguntza telefono bat martxan jarri zuen iaz. Eta 50 emaztek telefono hori erabili zuten. Zentzu honetan, Hendaian datu ofizialak eskax badira ere, hein bereko datuak ekartzen ditu Bagera elkarte feministak. Izan ere, bolondreski eskaintzen dituzten sustengu eta laguntza zerbitzuetan, esaterako, emazteen kontrako bortizkeria kasuak salatzeko iaz martxan jarritako laguntza telefonoan 50 dei jaso zituzten, eta 35 emazteri laguntza eskeini zioten.
Herriko bestetan eta aisialdi gunetan informazioa zabalduz edota elkarte zein eragile desberdinekin ekintzak proposatuz lanean jarraitzen dute. Baina Itziar Varelak aitortzen duenez, "egiazko dispositiboak beharrezkoak dira". Izan ere, indarkeria matxistak ez du etenik, eta feminizidioa ez da figura juridiko bat frantses estatuan. Homizidio gisa aztertua da.
Bortizkeria egoera baten aurrean laguntza eskatzeko, 3119 estatu mailako telefonora deitu dezakezue, bestela, Bagera elkarteko telefonora deitu dezakezue 0755649255.