Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolak antolatzen duen 'A Tempo' ekimena otsailaren 6tik 11ra ospatuko dute.
Otsailaren 6tik 11ra Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolak antolatuta, eta Kultura departamentuaren laguntzarekin ‘A tempo’ ekimenak bere seigarrena ospatuko du. COVID-19ak hainbeste baldintzatu zituen aurreko edizioak atzean utzita, "ilusio handiz" antolatutako egitaraua prestatu dutela adierazi du Esther Barandiaranek, eskolako zuzendariak.
Bere ustez, edizio erakargarria izateaz gain, aberasgarria da. "Oso polita da ikasleek egiteko beste manera batzuk ezagutzeko aukera izatea", dio zuzendaria, "eta beharbada aurten espreski bilatu gabe, baina sormena muina izango da". Izan ere, musika eta dantza eskolako ikasleek zenbait adituren eskutik arlo horretan ikasteko aukera emango dute antolatutako 13 jardueretako batzuk. Besteren artean, lehendabiziko egunean Amets Arzallus Antia bertsolariaren bisita jasoko dute bertso-musikaren sormen prozesuaz hitz egiteko. Eta dantzaren arloan ere, 'Orri txuria' tailerra antolatu dute Eider Romero Elizalde dantzariarekin.
Musikaz eta dantzaz gozatzeko emanaldiak izango dira ere, ikasle zein irakasleen eskutik. Eta otsailaren 11n astea borobiltzeko, emanaldi berezia egingo dute Portuko elizan goizeko 11:00etan. Halere, Kalixa Silanesek, Udaleko Kultura zinegotziak nabarmendu duen bezala, "A Tempo ekimena bereziki interesgarria da, beldur eszenikoa galtzeko baliagarria delako, ikasleei eskolan egindakoa jendaurrean aurkezteko aukera ematen dielako". Zentzu horretan, Urko Arozena Muxika txistulari, perkutsionista eta Musikeneko irakaslearen eskutik ere, emozioen kudeaketaz solasaldia jasoko dute.
Bestalde, musika eta dantza eskola izanagatik ere, tokiko margolari eta sortzaileei ere aukera ematen die urtero ekimen honek. 'A Tempo' egitarauaren kartela bertako egile bati sortzea eskatzen baitzaio. Eta aurten Oaia Perurena Telletxearen lana hautatu dute. Honek argitu du beretzat Hondarribia urdina dela. Eta bere lanetan mugimendua eta erritmoek garrantzia handia dutenez, nortasun aldetik musika eta dantzari lotu zaiola.