Kalean Bai programaren baitan, futbol klubaren barne zein kanpoko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko konpromisoa hartu du, Irungo Udalarekin Euskara Plana izenpetuz.
Real Union klubak 5 urteko konpromisoa hartu du euskararen erabilera barne harremanetan zein kanpora begira sustatzeko. Irungo Udaleko Euskara arloak bideratzen duen Kalean Bai programaren baitan, 2022-2027 urtealdian euskara gehiago erabiltzeko 32 ekintza burutuko ditu klub irundarrak. Igor Emery, Real Unioneko presidenteak aldarrikatu duenez, "klub historikoa da, baina eta euskalduna ere". Baina hori egunerokoan irudikatzeko beharretan "urrats bat haratago" joateko beharra aitortu du. "Gaur egun Galera hurbiltzen den zale, jokalari edo eskolako gurasoek badakite euskaraz egiten dela, baina hori indartzeko konpromisoa hartu dugu", azaldu du Emeryk.
Halere, mugazgaindiko izaera duen kluba denez, klub txuribeltzera hurbiltzen den orok gaztelera zein frantsesa ere entzungo duela aitortu du presidenteak. "Helburua da eskualdeko klub erreferente gisa, denei ateak irekitzea", dio. Baina hain justu euskarak ere erreferenteak behar dituenez, Real Unionek hitzarmena izenpetu izanak duen garrantzia nabarmendu du Miren Etxebeste Euskara udal ordezkariak.
81 elkarteren konpromisoa
Real Unionek bezala, Irungo aisialdi eta kirol jarduerak eskaintzen dituzten beste 80 elkarte eta eragilek bat egin dute Kalean Bai programarekin momentuz. Libe Rekondo, programaren eramaile eta udal teknikariak argitu du, duela 18 urte abian jarritako programa bat dela, baina 2022az geroztik konpromisoa eguneratu eta ekimena biziberritzeko ahaleginetan ari direla. "Hitzarmena izenepetzen duten eragileek udalaren laguntza jasotzen dute euren barne funtzionamenduan eta kanpora begirako eskaintzan euskararen erabilera areagotzeko", azaldu du.
Zentzu honetan, hiru maila desberdinetako konpromisoa har dezakete elkarteek euren gaitasun edo baliabideen arabera.