Balazta, Recycl'Arte eta Badoa elkarteek 'Bidasoan Bizikletaz' mugazgaindiko proiektua garatuko dute aurten, Bidasoaldean bizikleta bidezko mugikortasunari pedal kolpe bat emateko xedez.
Zerbaitek Bidasoa eskualdea batuko badu, bizikleta izan dadila nahi dute Balazta, Recyclarte eta Badoa elkarteek. Irun, Hendaia eta Hondarribiko eragileek mugikortasun eredu ziklablearen aldeko ekimenak bultzatzeko indarrak bildu dituzte. Eta bat egingik, 2023rako egitarau partekatua aurkeztu dute. Hiru elkarteek Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak sortutako mugazgaindiko 'Ideiak' proiektu deialdia irabazi dute, 'Bidasoan Bizikletaz' izeneko proposamenari esker.
Orotara, hiru ekitaldi nagusi eta eta hamabi tailer ondu dituzte, Irunen, Hondarribian eta Hendaian gauzatuko direnak, otsailaren 7tik ekaina bukaerara. Berez hasi dira dagoeneko. Izan ere, azaroaren 25ean Hendaiako Garapen Jasangarriaren Astea kari egun osoko egitaraua antolatu zuten. Egitekoak direnen artean, aldiz, aurrenekoa Irunen egingo da martxoaren 25ean. Euskadi, Nafarroa eta Akitaniako bizikletarekin zerikusia duten elkarteen topaketa antolatu dute Palmera-Montero gunean. Egun osoko jardunaldian, esperientziak eta ideiak partekatzeko, baita elkarteengandik ikasteko aukera ere izango dute. Bestalde, Hondarribian maiatzaren 14an 'Bizi Bizikleta' eguna ospatuko dute. Egun horretan hiru zutabeko bizikleta martxa bat proposatuko dute, Hendaia, Irun eta Hondarribiatik abiatuta, eta Hondarribian bilduko dira.
Nolanahi ere, hiru eragileen arteko indarrak bildu izana da esanguratsuena. Erakunde publikoen partetik, Irun, Hondarribia eta Hendaiako herriko etxeak, Bidasoa-Txingudi Mugazgaindiko Patzuergoak edota Gipuzkoako Foru Aldundiak berak mugikortasun jasangarriaren aldeko borondate ukan arren, bizikletaren erabilera bultzatzeko egiten dituzten ahaleginak ez baitira aski eragile hauen arabera.