Ehunka bortziritar bildu ziren atzo osasun zerbitzu duinaren alde

Antxeta Irratia 2023ko urt. 27a, 00:00

Bortzirietan bizi duten osasun zerbitzuen egoera jasanezina salatzeko, atzo arratsaldean ehunka herritar bildu ziren bortz herrietan osasun zerbitzu duina aldarrikatzeko helburuarekin. Arantzan, Beran, Etxalarren, Igantzin eta Lesakan egin zituzten elkarretaratzeak eta bertan, komunikatua irakurri zuten jendearen aitzinean. Hau da zabaldu zuten mezua:

“Gaur Bortzirietako 5 herrietan elkartu gara osasun zerbitzu duina nahi dugula aldarrikatzeko; aunitz luzatzen ari den eta denborarekin okerrera doan arazo bat salatzeko. Medikuek artatuak izateko eskubidea herritar guztiok dugu; norbanakoon eskubidea da. Herri guziek behar dute osasun sistema duina, hiri handiek nahiz herri ttikiek.

Orain dela aste batzuk Bortzirietako zuzendaria zenak dimisioa aurkeztu zuen, egoeraren larritasunaren adierazle. Osasun langileen gain lan bolumen eta presio haundia dago; ezin dira iritsi eta, hori gutti balitz, euren gain jarri nahi dute ardura guzia.

Momentu honetan Lesakako osasun zentroan zentralizatua dago medikuen zerbitzua, hau da, bertze lau herriak medikurik gabe daude euren herriko kontsultetan. Zazpi mediku terdi beharrean 4 baino ez ditugu. Hain zuzen, Pediatrarik gabe gaude, haurren arreta ere familia medikuek egin behar dute. Zoritxarrez ez da epe motzeko soluziorik ikusten; partxeak jartzeko saiakerak bakarrik.

Arazo hau, tamalez, eskualde osoan dagoen arazo bat da, Nafarroako bertze landa eremuko herri gehienetan dagoen arazoa. Zerbitzurik gabe herriak ezin dira bizi. Izan ere, zerbitzu duinak izateak herriak bizirik mantendu eta herritarrak bertan gelditzea ahalbideratzen du.

2008an Nafarroako Gobernuak Lesakako osasun zentroa haunditzeko plana programatu zuen. Iaz berritu zuen proiektu hura, epe laburrean gauzatzeko asmoarekin. Haunditze horrek dauden zerbitzuak egonkortu eta berriak martxan jartzeko aukera emanen luke.

Egoera honek badu soluzioa. Borondate politikoa egonez gero, konpondu daiteke. Konpondu beharra dago. Bi eskaera bakarrik egiten ditugu:

1-  Osasun arloko profesional gehiago jartzea, zerbitzu duin bat jaso ahal izateko.

2-  Osasun azpiegiturak hobetzea eta egokitzea, behar diren zerbitzuak eman ahal izateko. Horretarako beharrezkoa da Lesakako Osasun zentroa haunditzeko plana behingoan garatzea, dauden zerbitzuak emateko nahiz berriak ekartzeko. 


Gaur hasten dugun dinamika honek jarraipean izanen du, hilabetero bilduko baikara. Oinarrizkoa den zerbitzu publiko hau modu duinean jasotzeko eta medikura joateko eskubidea aldarrikatuko dugu!!!

OSASUN ZERBITZU DUINA ORAIN!!”