Sunbillan inauteriak ospatuko dituzte asteburuan

Antxeta Irratia 2023ko urt. 26a, 00:00

Urtarrilaren 27tik 29ra ospatuko dira inauteriak Sunbillan eta egitarau betea prestatu dute horretarako. 

Bihar, urtarrilaren 27an, emanen diote hasiera sunbildarrek 2023ko inauteriei. 9:00etan Ariztigain kanpinean izanen dute gosaria lehendabizi eta, ondotik, bi taldetan banatuta baserriz baserri ibiliko dira Joxe Angel eta Modesto akordeoilariekin. Eguerdian, Mendaur aldekoak Ulibeltzak elkartean bazkalduko dute eta bertzeek Bustitz ostatuan. Arratsaldean, haurrek txokolatada izanen dute eta dantzaldi frontoian DJ Iñakirekin. 21:30ean, gazteen afaria ospatuko da Fonda ostatuan eta 22:00etan berriz, emakumeen afaria izanen da Ulibeltzak elkartean. Azken hauek afalondoan sorpresa izanen dutela iragarri dute.

Larunbatean, urtarrilaren 28an, 10:00etan hasiko dute inauterien bigarren eguna Sunbillan. Gosaria eginen dute orduan gazteek Bustitz ostatuan. Goizean zehar, etxez etxe ibiliko dira eskean Beñat Mitxelena akordeoilariarekin, eta 14:30ean bazkaria ospatuko dute Fonda ostatuan. Arratsaldean, 17:00etatik 20:00etara, disko besta egonen da Ulibeltzak elkartean DJ J&Jrekin. Arratsean berriz, gazteen afaria izanen da Fonda ostatuan.

Azkenik, igandea inauterietako egun handia izanen da herrian. 11:00etan karrozen desfilea eginen dute Ulibeltzak elkartetik hasita eta Igandea txarangaren laguntzarekin. Desfilean opilak, gaztainak, salda, tortilla eta ardoa banatuko dute ikusleen artean eta rifak ere salduko dituzte. Desfilea bukatzerakoan eginen dute rifen zozketa eta saria bi magra eta bildots bat izanen da. 14:30ean bazkaria ospatuko dute Ulibeltzak elkartean eta bazkariaren ostean, Andoni Mitxelena akordeoilariarekin izanen duten dantzaldiarekin bukatuko dituzte aurtengo inauteriak.