Iñigo Urkullu lehendakaria Hondarribiko San Telmo gazteluan bisitan izan da asteazken honetan. Behin udalak gotorlekua ondare publiko bilakatzeko 3,5 milioi euroren truke erosi egin duela, berreskuratze lanak babesteko hitza eman du lehendakariak.
Eusko Jaurlaritzako agintari nagusiaren bisitak bazterrak nahasi ditu Hondarribiko udalgintzan azken orduetan. Baina San Telmo gaztelua babestu eta berreskuratzeko erakundeen arteko lankidetza eta konpromisoarekin itxi du Iñigo Urkullu lehendakariak Hondarribira bisitaldia. 'Piraten Gaztelua' ezizenez ezaguna den gotorlekuak 845 bisitari (%75a hondarribitarra) jaso ditu abenduaren 15ean Arma Plazak antolatutako bisita gidatuak martxan jarri zituztenetik. Orduan dagoeneko, Txomin Sagarzazu alkateak nabarmendu zuen udal talde politiko guztien gogotik eta adostasunetik lortutako proiektu ilusionagarria zela. Baina lehendakariaren bisitaren atarian oposizioko udal taldeek euren haserrea adierazi dute.
Herriaren ahalegina aldarri
Abotsanitzek eta PSEk gogor salatu dute ohar banaren bidez, lehendakariaren bisita azken momentuan komunikatu zaiela, eta "hauteskundeen atarian kanpaina egiteko bisita" zela leporatu zioten udal gobernu jeltzaleari. Izan ere, "ikusirik Eusko Jaurlaritzak ez zuela San Telmo gaztelua erosteko asmorik agertu", udalak, eta beraz, Hondarribiko herriak egin behar izan zuen joan den uztailan 3,5 milioi euroko inbertsioa ondare historiko-arkitektonikoa erosi eta babesteko. Hau horrela, Abotsanitzek berak iragarri zuen lehendakariaren bisita Hondarribia aldarrikatzeko baliatuko zutela.
Igor Enparan, Abotsanitzen bozeramaleak lehendakariari interpelatu dio gaurko bisitan (mikrofonoz kanpo). Eta San Telmo gazteluan egin beharreko ikerketa eta lanen finatziazioari euskal gobernuak aurrekontuen bidez ekin diezaiotela aldarrikatu du. Urkulluk argudiatu dio Eusko Jaurlaritzak Euskadiko ondare historiko guztiak erosi beharko balitu, ez lukeela diru askirik izango. Baina behin Hondarribiko Udalak ahalegina egin duela, XVI. mendeko gotorlekua berreskuratzeko lan arkeologiko eta zaharberritze lanetan laguntzeko prestutasuna duela Eusko Jaurlaritzak.
Lehendakariak egindako hitzartzean nabarmendu duenez, "belaunaldiz-belaunaldi eta mendez-mende transmititu den ondarean sustraitu behar dugu gure oraina eta etorkizuna". Hala, Hondarribiko hiria, ondarearen hiria izaten jarraitzeko, orain artean harresietan, Guadalupeko gotorleku eta Jaizkibelgo dorreetan egin izan duen bezala, XVI. mendeko San Telmo gazteluarekin ere, Eusko Jaurlaritzak kultura eta ondarea babesten jarraitzeko konpromisoa hartu du lehendakariak. "Ondarea ez da harri zaharren kontu bat. Ondaretzat ditugun harri horiek gure etorkizunaren oinarriak dira", azpimarratu du Urkulluk, "eta lankidetzatik hazteko eta bizirik jarraitzeko beharra dugu".
Bien bitartean, udalak San Telmo gaztelua abendu erditsutik bisitak egiteko ateak zabaldu ondotik, orain bertan garatuko den proiektuari buruz gogoetatzeko kanpaina egingo duela iragarri du alkateak. Txomin Sagarzazuk azaldu duenez, herritarrei galdetu nahi diete bertan zer nahiago luketen egin.