Petra Laborda Zuzuarregiren lana berritzailea da 95 urte beranduago ere

Antxeta Irratia 2023ko urt. 25a, 00:00

Herri baten ondare inmaterialaren parte da gastronomia. Eta joan den astelehenean Madrilgo Euskal Etxean Arma Plaza Fundazioak aurkeztu berri duen 'Petra Labordarekin sukaldean' liburuaren berrargitalpena da horren adibide garbia.

HAZI Fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, emakume hondarribitar honek 1929an idatziriko 'La Cocina practica' errezeta liburutik abiatuta, errezetak herriko egungo sukaldariek eguneratuta, Petra Labordaren obra zabaldutzat jo daiteke. Aintzindaria izan zen bera. 20 urterekin Madrilera joan zen Joaquin Ignacio Arteaga dukearen eta Santiagoko kondesa Isabel Falgueraren etxeko zerbitzari taldera biltzeko. Orduan ezagutu zuen su txikien artean Teodoro Bardají, Alfontso XIII.aren sukaldaria, berritzaile handia eta goi mailako sukaldaritza erakutsi ziona. 1925ean, Arguesoko markesarentzat lan egiten urte batzuk eman ondoren, Hondarribira itzuli zen eta negozio txiki baten buru jarri zen, lan hori Irunen ematen zituen sukaldaritza eskolekin bateratuz.

Txomin Sagarzazu, Arma Plaza Fundazioko presidente eta Hondarribiko alkateak nabarmendu duenez, "Petrak Madrilera egiten duen bigarren bidaia da liburu hau, bere ekarpena handia eta aintzindaria izan baitzen, beste askori bideak ireki zizkiolako". Hondarribiko Udalak dagoeneko Petrak utzitako ondare inmaterial hori aitortua du, 2021eko maiatzaz geroztik Alde Zaharreko Denda kalean haren izena duen plaza izendatzea onartu zuelarik. Emeki elkartearen ekimenez, herriko kale-izendegia emakume izenez orekatzen hasteko ekimenaren baitan.

Gainera, sukaldaritza eta erreztak aipatzen direnean, tokiko produktuaz ere hitzegiten ari garela nabarmendu du Hazi fundazio laguntzaileak, baita Bittor Orozek, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak ere. Madrilgo Euskal Etxean egindako aurkezpenan bildu baitziren, Elena Arzak bezalako hainbat aurpegi ezagunekin batera.

Erlazionatuak