Abendua erditsutik honat Santiago eta Pausuko zubietan kontrolak noizeanbehin baizik ez ditu egiten frantses poliziak. Eta muga errex tresbekatzen badute ere, "berdin kontrolatuak eta kanporatuak" direla salatu du Irungo Harrera Sareak.
Bosgarren negua egiten ari da kalean Irungo Harrera Sarea. Erakunde publikoen babesik gabe, migratzaileei harrera San Juan plazan egiten jarraitzen dute. Hainbatetan galdegin diote Irungo Udalari eta Eusko Jaurlaritzari kaleko bulegoaren harrera egiteko egoitza lagatzea.
Egunez bezala, gauetan ere, hotzaldiaren erdian gaudela, 21:00etatik 23:00etara autobusez tren geltokira heltzen diren migratzaileei Gurutze Gorriko aterpetxera laguntzeko ere "hotzak jota" kalean ematen dituzte Gautxoriko bolondresek gauak. "Hotz handia ari du, baina bakar bat iritsiko den bitartean lagundu behar diegu, harrera integrala egiten dutela aldarrikatzen baitu Gurutze Gorriak, baina euren kotxeak Hilanderasen aparkatuak eta eurek aterpean goxo-goxo dauden bitartean, migratzaileak tren geltokian eta kalean jasotzen gu gaude", salatzen du Josune Mendigutxiak.
Mugak irekiak, baina kontrolak indarrean
Begibistan muga irekita dago, errexa da pasatzea, eta gutxienez Bidasoa ibaia igerian zeharkatzeko arriskurik ez dute hartu behar, baina egoera ez da aldatu", dio Mendigutxiak. Izan ere, polizia kontroletako etxolak bere horretan mantentzen ditu frantses poliziak mugetako zubietan, baina kontrolak tren geltokia, Hendaia eta Baiona arteko bideetan, edota Baionako Pausa zentroaren inguruetara lekuz aldatu dituztela salatzen dute. Horren irudiko dugu joan den asteburuan gertatutakoa. Bi migratzaile gazte harrapatu zituen gauez auto batek A63 autobidean Urruña parean. Dirudienez, bide bazterretik zihoazen Baionarako bidean kontroletatik ezkutatu nahian.
Azken hilabeteotan migratzaileen kopurua nabarmen apaldu dela nabaritu du Irungo Harrera Sareak. Arrazoietako bat zubiak errazago trebeskatu ahal izatea izan daiteke euren ustetan, baina ez dute arrazoi zehatza identifikatzen. 2022an zehar hilabetero 800 bat migratzaileri harrera egiten zioten bitartean, urte hasiera honetan bospasei lagun izan ohi dira egunero gehienez jota.