Bidasoko izokina estu eta larri, klima aldaketaren ondorioz

Antxeta Irratia 2023ko urt. 25a, 00:00

Nafarroako Ingurumen kudeaketarako erakundeak egindako ikerketen arabera, 90 izokin joan ziren Bidasoa ibaian gora 2022an, ohikoaren laurdena besterik ez. 37 urtetan jasotako daturik okerrena da, "normaltasunetik oso urrun". 

Jakina den bezala, izokina ibai zehatz batean jaio eta urtebete bertan iragan ondotik, itsasoratu ohi da Ipar Europarako bidea eginez. Haatik, joan-etorriko bidaia da. Hil baino lehen, mundura sortu zen ibaiaren iturburura itzuli ohi baita beti arraultzak errutera, belaunaldi berria bertan has dadin. Bidasoa ibaian ez dira apartekoak izokinak, korrontearen kontra egiten dute, eta sorlekuaren memoria dute. Baina Bidasoa izokinak bere baitan jasotzen dituen euskal kostaldeko ibai bakarra bada ere, geroz eta gutxiago dira kopuruan. Nafarroako Gobernuak izokin alebinak askatu ohi ditu ere, populazioa orekatu eta espeziearen biziraupena segurtatzeko. Baina 2022ko azken azterketen arabera, kinka larrian aurkitzen da.

Josu Elzo, Nafarroako Ingurumen kudeaketarako teknikaria da eta ikerketa honen zuzendaria. Aitortu digunez, "asko izan daitezke arrazoiak, itsasoan egiten duten bidea luzea eta gorabehera handikoa baita, baina azken urteekin alderatuta aldaketa nabarmen bakarra izan da, Bidasoa ibaiaren uren tenperatura igo egin dela, eta lehorteen ondorioz ur emariak ere ez duela lagundu". Gainerakoan, azken urteetan ibaian egindako eskuhartzeei esker, izokinarentzat baldintzak egokiagoak direla esango luke. Hortaz, klima aldaketaren ondorioa izan daiteke adituen arabera izokinaren populazio beherakada.

Azken hamarkadan 300-400 izokin artean zenbatu izan dituzte urtero, eta 2021ean dagoeneko aldaketa nabarmena eman zen, 212 zenbatu baitzituzten urte hartan. Halere, 2022ko datua izan da 37 urteotako okerrena, 90 izokin baizik ez dituztelako identifikatu. Maiatzaren lehenetik uztailaren 31a arte (edo kuota agortu arte) urtero egiten den arrantza kanpainak eragin zuzena duenik ukatzen dute adituek. Nahiz eta arrantzatzen diren izokin emeen kasuan, haien arraultzak bidean galtzen dira. Iazkoan 20 harrapatu zituzten, eta arrantza kuota bere horretan utzi zuten denbora batez horregatik. Urteroko kanpainari dagokionez ere, populazioari egokitu ohi zaio. Horrela, 2015ean 83 izokineko kuota ezarri zuten bitartean, 2019an 81ekoa izan zen. Baina 2021eko lehen beherakada nabarmenaren ondotik, iaz 51ra murriztu egin zuten.

Erlazionatuak

Bidasoko izokina estu eta larri, klima aldaketaren ondorioz

Antxeta Irratia 2023 urt 25 Behe Bidasoa