Abandonu zantzuak dituzten bizikletak Balaztak berrerabil ditzan hitzarmena izenpetu dute Hondarribian

Antxeta Irratia 2023ko urt. 25a, 00:00

Kaleko bizikleta aparkalekuetan abandonaturik dauden txirrinden katalogoa egina du Udaltzaingoak, eta legeak markatzen dituen epeak errespetatuz, hondakin bilakatu orduko, elkartearen Birziklatu programara bideratuko dituzte hemendik aurrera. 

2016an Balazta elkartea sortu zenetik helburu beretsua izan du beti. "Ahalik eta bizikleta gehien kalean jartzea mugikortasun jasangarrian pedalari emanez urratsak emateko". Baina 2021eko urriaz geroztik urrats handiagoa emana du Bidasoko Bizikletaren Aldeko Elkarteak. Irungo Larreaundiko eskola zaharraren egoitza lagatu zion Irungo Udalak, eta bertan txirrindak konpontzeko tailer kolaboratibo bat dute. Bertan konponketarako tresnak eta piezak ez ezik, 10 eurotik hasita hiri-bizikleta gisa baliatzeko txirrindak eskura ditzakete Balaztako bazkideek.

Bizikleta horiek Gipuzkoako hainbat udalerritatik edota partikularrek emandakoak izan dira orain artean. Baina hemendik aurrera, Hondarribiko kaleetan abandonaturiko txirrindak ere Birziklatu programa elikatuko dute. Kalixa Silanes, Ingurumen eta Mugikortasunerako udal ordezkariak azaldu duenez, "azken urteetan bizikletero asko jarri ditugu herrian, eta beste 10 bat gehiago jarriko dira asko erabiltzen direlako". Halere, batzuetan hilabete luzeak mugitu gabeko txirrindak indentifikatzen dituzte udaltzainek. Eta horiekin katalogo bat osatu dute, bertatik kendu eta bigarren bizitza bat emateko asmotan. Manu Eizagirre, Balaztako ordezkariak argitu duenez, "bizikleta aztertu egiten da tailerrean, berriz ere martxan jartzeko zer behar duen ikusteko, eta balio ez badu, piezak aprobetxatzen dira ere beste bizikleta batzuk osatzeko".

Abandonaturiko bizikletak

Prozesua nola izango den zehaztu du Silanes zinegotziak: “Abandonu zantzuak dituen bizikleta bat topatzen denean, Udaltzaingoak informazio moduko pegatina bat jarriko dio bizikletari. Eta 15 egun pasata bizikleta bere horretan jarraitzen badu, udal gordailura eramango da txirrinda". Ondoren Gipuzkoako Boletin Ofizialean argitaratu eta orotara hiru hilabeteko epean hondakina bilakatzen denez, Balaztak eskuratu ahal izango ditu. Aipatutako katalogoa www.hondarribia.eus/bizikleten-katalogoa topatuko duzute argazkia eta guzi.

Halere, despistaturen batek katalogoan dagoen bizikletaren jabe dela ohartu, eta hura berreskuratu nahi izanez gero, Udaltzaingoan egin beharko du eskaera. Horretarako, NANa eta bizikleta berea dela adierazten duen agiriren bat: argazkiak, fakturak, etab.

Era berean, Gizarte Zerbitzuekiin hitzarmena sinatu dute, eta egoera zaurgarrian dagoen herriko familiaren batek behar izango balu, horietako bat segurtatuko liokete. Halere, Manu Eizagirre, Balaztako kideak argitu duenez, "azken aldian Caritas edo GKE zenbaitzuen bitartez bizikletak konpondu eta banatu izan ditugu ere, eta elkarteko bazkide egitea urtean 20 euro besterik ez da". Horrek konponketak ez ezik, urtero 10-80 euro artean bizikleta bat eskuratzeko eskubidea ematen du. Euren tailerra asteazken arratsaldetan (17:00-20:00) eta larunbata goizetan (10:00-13:00) zabalik dago.