Bi urtez ospatu ezinik egon ondotik, aurten San Antongo erromeria normaltasunez eginen da Lesakan. Mezaz gain, Beti Gaztek antolatutako ibilaldi arautua eta musika egonen da Endara auzoko bestak ospatzeko.
Goizean, 10:00etan eta 11:00etan, meza eginen da San Antongo baselizan. Gainera, Beti Gazte elkartean Lesakatik San Antonera ibilaldi arautua antolatu du eta 8:00etan abiatuko badira ere, 7:30etik aitzinera eman beharko da izena proban, bikoteka edo hirukoteka. Arratsaldean berriz, bestak jarraipena izanen du Lesakako Plaza Zaharrean. 17:30etik hasita, Bide Batez taldearekin erromeria izanen da.
Azken bi urteotan, pandemiaren ondorioz, ez da erromeriarik ospatu eta Endara auzoko ostatuek ere ateak itxita mantendu dituzte. Aurten berriz, normaltasunera itzulera izanen da eta Bortzirietako, Malerrekako eta Gipuzkoako mendizaleak San Antonera hurbiltzea espero da.