Nafarroako Osasun Plataformak deituta eta Bortzirietan ematen ari den osasun zerbitzuaren egoera kaskarra dela eta, bertako herri guztietan elkarretaratzeak eginen dituzte osasun zerbitzu duina aldarrikatzeko asmoz.
Datorren urtarrilaren 26an ospatuko dira Nafarroako Osasun Plataformak antolatu dituen elkarretaratzeak. Bortzirietako herrietako osasun zerbitzuaren egoera kaskarra salatzeko asmoz, eta zerbitzu duin bat aldarrikatzeko helburuarekin, bortz herrietan 18:30ean elkartuko dira. Beran Mukixu zubian eginen dute hitzordua, Lesakan osasun zentroaren atarian, Etxalarren herriko plazan, Arantzan herriko plazan eta Igantzin kontsultategiaren aitzinean.
Egoera normal batean, sei familia mediku eta bi pediatra izan behar lukete Bortzirietan. Hala ere, hori ez da betetzen eta gaur egun, soilik lau mediku ari dira lanean eta pediatrarik ez. Zerbitzu faltagatik, 2023 urte hasieratik, aurrez aurreko kontsulta guztiak Lesakako osasun zentroan egiten ari dira eta mediku bakar batek egiten ditu etxez etxeko bisitak, baita zahar etxeetakoak ere. Bertze herrietako kontsultategietan ordea, erizainak soilik ari dira lanean. Gainera, Ruth Gonzalez Santo Tomasek, azken zazpi urteotan Lesakako Lehen Mailako Arretako zuzendari izan denak, egoeraz nazkatuta eta arduradunengan konfidantza galduta, abenduaren 31an aurkeztu zuen bere dimisioa.
Jasanezina den egoera hau salatzeko, erreklamazio orriak biltzen ari dira bortz herrietako kontsultategietan eta medikuek herritarrei deia egin diete hauek betetzeko, izan ere, Iruñeara bideratzeko asmoa dute.