Egur ustiakuntzaren aurrean, Jaizkibelek tokiko baso iraunkorrak behar dituela ohartarazi du Ameztik

Antxeta Irratia 2023ko urt. 18a, 00:00

Pinuaren eta eukaliptoaren monokultiboak mendiaren berezko zuhaitz espezieak txokoratu dituela, eta baso bizirik gabe, Jaizkibelgo hektarea bakoitzak urtero 25-100 tona lur galtzen dituela ohartarazi du talde ekologistak "matarrasaren ondotik euri urek eramana". 

Baso Biziak plataformaren kide berria da Amezti Baso Biziak Jaizkibel izeneko taldea. Joan den urtean sortu berri dute, eta OarsoBidasoaldeko herritarren artean, Jaizkibel mendiak bere baitan gordetzen dituen altxorren eta mehatxuei buruz sentsibilizatzeko helburua du. Izan ere, NATURA 2000 kontserbazio eremu babestua da Jaizkibel. Baina urtero Jaizkibelgo xendak gozatzen dituzten 100.000 mendizaleak ez dira beharbada ohartzen, "berdea ikusten dugun guztia ez dela basoa", eta mendiak pairatzen dituen mehatxuetaz alarma piztu nahi dute.

Horretarako, 'Baso Bizien Astea' antolatu dute Lezon. Urtarrilaren 23tik 28ra 'Jaizkibelgo paisaiaren bilakaera' izeneko erakusketa proposatuko dute Lezoko Kultur Aretoan. Eta urtarrilaren 26ean (18:30) Naturkoneko kidea, Iñaki Aizpuru aditua gonbidatu dute hitzaldi baten ematera.

Jaizkibel urtez-urte lurrak galtzen

Josu Pikabea, Amezti taldeko kideak azaldu duenez, Jaizkibel mendiaren baso eta ekosistema naturalaren egoera oso larria da. Azken urteetan mendiak sute txikiak pairatu izan dituen arren, 2010ean 500 hektarea kiskali zituenak, eta bereziki, 1989ko sute handiak gogor kolpatu zuen bertako zuhaiztia. Haatik, "orduz geroztik landatutako gehiena egur ustiakuntzarako bideratua izan da, pinu radiataren monokultiboa gehienetan, eta azken urteetan onddoak jotzen duenez, eukaliptoa hedatzen ari da", dio Pikabeak.

Arazoa egurra menditik ateratzerako garaian erabiltzen den matarrasa teknika da, "zuhaitzak zeuden lekuan, ekosistema osoa desegiten da 20-30 urtero, eta lurra higatzen da gero". Gipuzkoako Foru Aldundiaren datuen arabera, Jaizkibelgo eremu osoaren "%94a higadura handia edo oso handikoa da". Izan ere, Amezti taldeak gogoratzen duenez, matarrasa egiten den eremuetan hektarea bakoitzean urtero 25 eta 100 tona lur artean galtzen dira. "Lur hori guztia euri urek eramaten dute, erreketara edota ipar isurialdean itsasora zuzenean", argitzen du.

Errealitate honen aurrean, berezko ekosistema mantendu eta indartu nahi bada, bertako espezieekin sortutako baso iraunkorrekin mendia estali behar da bere ustetan. Baina gaur egun Jaizkibel mendia landare inbaditzailez eta zuhaitz espezie exotikoz betea dagoela dio Pikabeak. "Gizakiak landatu edo bere erabileraren ondorio da hori, baina naturari utzi behar zaio bere bidea egiten, bertako espezieak hedatzeko baldintzak ezarriz", aldarrikatzen du. Pinua, eukaliptoa, haritza amerikarra edota gaztainondo japoniar hibridoa da gehiena Jaizkibelen gaur egun, "dena kanpokoa", eta bertako haritza edo ameztien baso urri eta sakabanatuak besterik ez daude.