Irungo zazpi ikastetxek parte hartzen dute aurten Eskola Agenda 2030 programan

Antxeta Irratia 2023ko urt. 18a, 00:00

2004ean sortu zen Agenda 21 ekimenak Nazio Batuek garapen jasangarrirako finkatutako 2030 urterako helburuetara eguneratu dute. Aurten energiaren kudeaketa herritar guztien ardura dela barneratzeko, ikastetxeak eta Irun hiria zer nolako egoeran dauden aztertzen dituzte ikasleek, erronka klimatikoan konpromisoak hartzeko. 

Ingurumen Hezkuntzarako programa honetan parte hartzen duten zazpi ikastetxeen artean, Txingudi Ikastola eredugarria den heinean, haiek egiten duten lana aztertu dugu adibide gisa. Izan ere, 2005az geroztik Eusko Jaurlaritzak 'Eskola Jasangarria' izendatua du, hain justu, ingurumen heziketaren helburuak bikaintasunez garatzeagatik. Mikel Estonba ikasketa buruak dioenez, "19 urteotan izandako bilakaera handia izan da ingurumen hezkuntzan, baita ikasleen eta irakasleen partetik ere". Belaunaldi berriek konzientizazio maila handiagoa dute, baina irakasleen artean ere oso barneratua daukatela nabarmentzen du. Izan ere, urtez-urte egindako lanketak eskolaren egunerokoan aplikatzen joaten dira gero. Uraren erabilera, mugikortasun jasangarria, kutsadura isuriak, hondakinen kudeaketa eta berziklapena, energia...

Ikastetxetik hasi eta Irun osora

Programak hiru arlo ditu berez. Ikastetxeak berak garapen jasangarriaren eredu bilakatzeko eskola curriculuma egokitzea, bigarrenik ikastetxean egunerokoan urratsak ematen jarraitzea, eta hirugarrenik Irungo Udalak ikasleek landutako konpromisoak har ditzala. Zentzu horretan, LH 6.mailako ikasleek eko-auditoria bat egiten dute urtero, gai horretan ikastolak zein ahuldade eta zein indargune dituen aztertzeko. Eta zertan hobetu daitekeen planifikatzeko. Halere, ikastolako maila guztietako ikasleek lantzen dute programa "adin eta norbere gaitasunei egokituta".

Bestalde, gainontzeko ikastetxeekin batera ere, herriko diagnostiko bat egiten dute. Eta ondorioak partekatzeko ikastetxeen arteko foro batean adostu ohi dituzte, gero udalari ikasturte bukaeran aurkezten dizkieten konpromisoak. "Guk argi daukagu ikastetxean egiten duguna dela garrantzitsuena, ikasleak sentsibilizatu eta problematikan jantzi, eta iritzi kritikoa landu", dio Estonbak. Halere, ikasturte bukaeran udalbatzan alkateari proposamenak aurkezteko ekimena "sinbolikoa" bada ere, ikasleentzat egun garrantzitsua izan ohi dela aitortzen du.

Aurten energia dute aztertzen. Eta klima aldaketaren baitan ez ezik, mundu mailan bizi dugun energia krisia kontuan hartuta ere, gai egokia eta mamitsua dela dio ikasketa buruak. Argindarra, berogailuak, energia berriztagarriak, kutsadura lantzeko aukera ematen baitu, besteak beste, "eta ikasleek gero euren egunerokoan eta etxean ohiturak aldarazteko efektu multiplikatzailea du".

Erlazionatuak