Urruñako Tximi Txama abesbatzak Argentinara bidaia eta bigarren diskoa ditu aurtengo erronka berriak

Antxeta Irratia 2023ko urt. 18a, 00:00

Iaz 20 urte bete zituen gazte abesbatzak bere bigarren diskoa grabatuko du aurten, eta urrian euskal diaspora ezagutzeko bidaia handia prestatzen ari dira Buenos Airesera. 

Urruñako Tximi Txama gazte abesbatzak iaz 20 urte zituen. Iparraldean aski ezaguna, 2013az geroztik 'Printze Ttipia' ikusgarria oholtzaratzen aritu dira Ipar Euskal Herrian zehar. 20 bat emanaldi egin dituzte dagoeneko, eta martxoan Hendaiako Gaztelu aretoan ariko dira.

Gaur egun 10-19 urte bitarteko 40 gaztek osatzen dute abesbatza, eta besteak-beste, aurten Argentinarako bidai bat eginen dute. Orain arte Kortsika edo Bordelera joan izan dira, denak bidai laburragoak. Eta aurten Tximi Txamak bere 20 urteak betetzen dituenez, bidaia handia antolatzen ari direla esan digu Elena Clerc kantu irakasleak. Ttipitatik ezagutzen du abesbatza, bere ama zuzendaria izanik 6 urterekin sartu baitzen taldean, eta gaur egun arte hor darrai. Urruñako Ithurbidea kiroldegiaren gaineko gelan errepikak egiten harrapatu dugu, eta Argentinako bidaia ilusio handiz prestatzen ari direla aitortu digu. "Euskal diaspora handia denez, hori ikusiko dugu Buenos Airesen, han 10 bat euskal etxe daudelako", dio. Urrian bidaiatuko dute Argentinara, eta abesbatzak horretarako dirua gorde badu ere, oraindik ere aurrekondua osatzeko lanean ari dira, proiektu handia denez, dirulaguntzak bildu nahian.

Bestalde, 2023 honetan disko bat ere argitaratzeklo erronka markatu dute. Duela 10 bat urte grabatu zuten diskoa zaharkitua geratu da, eta gazte abesbatza izanik, "garai hartako abeslaririk ez da apenas geratzen gaur egungo taldean". Hortaz, egungo abesbatza zer den ongi adieraziko duen lana grabatuko dute.