Kalez Kale programa bere azken txanpan sartua da

Antxeta Irratia 2023ko urt. 18a, 00:00

Ekaina bitartean Sabin Arana, Bidasoa ibilbidea, Irun eta Axular kaleetan esku-hartuko dute, ibilgailuen abiadura moteldu, oinezko eta bizikletei lehentasuna eman eta Ama Guadalupekoa zein Egiluze ikastetxeen atarietan segurtasuna hobetzeko. Autobus "geltoki intermodal" bat ere ezarriko dute Alde Zaharreko igogailuaren aurrean. 

'Kalez Kale Hondarribia Hobetzen' programa bere azken txanpan sartu berri da. Hondarribiko bost eremutan banatutako 14 kaleetan eskuhartu du udalak joan den martxoaz geroztik, orotara, 3,3 milioi euroko inbertsioa eginez. Orain artean, Mendeluko Gibeleta kalean, Kosta kalean, Txiplao industrialdean, Errebellin kalean, Harresilandan, Donostia kalean, eta berrikiago, Nestor Basterretxea zein Baserritar etorbidean egin dituzte lan horiek. Eta aste honetan hasi eta ekaina bitartean, 933.000 euroko partida bideratuko dute Sabin Arana eta Bidasoa pasealekuaren arteko eremuan ariko dira, Irun eta Axular kaleak barne.

Eskoletako segurtasuna helburu

Gonzalo Carrion 'Txalo', Obretarako udal ordezkariak nabarmendu du, programa honen helburu naghusia izan dela oinezkoei lehentasuna ematea. Eta horretarako, automobilaren abiadura apaltzea, oinezko eta bizikletari herrian zehar mugitzeko erraztasunak ematea, eta bereziki, eskola inguruetan segurtasuna hobetzeko aldaketak egin dituzte.

Talaiako Biteri eta Bordari ikastetxe inguruetan bezala, Sabin Aranako azken fase honetan ere, Ama Guadalupekoa eta Egiluze ikastetxeen atarietan espaloien altuerako plataformak osatuko dituzte. "Bertan 20 kilometro orduko abiadura muga izango da, eta oinezko zein bizikletek lehentasuna izango dute beti", dio Carrionek, "beharbada oraindik ez da ondo ulertu funtzionamendua, baina jendea konzientziatu behar da oinezkoak duela lehentasuna".

Helburu jakin horrekin, Ama Guadalupekoa ikastetxean barandak ezabatuko dituzte, eta Maitane tabernako autobus geltokia lekuz aldatu egingo dute. "Segurtasuna hobetu beharra zegoen, eta leku gutxi dago gaur egun bi norantzatan autobusak hor egoteko", dio udal ordezkariak.

Mugikortasun jasangarrirako intermodala

Autobus geltoki hori Sabin Aranako Alde Zaharreko igogailuaren aldamenera eramango dute. Ekimen honen aldaketa nagusia hori izango baita. "Bertan Termibus izendatu dugun hiru autobusentzako geltoki bat egokituko dugu, igogailuaren ondoan eta bizikleta aparkalekuak ezarriz, bertan dagoen lorategia dena maila berean utzita", azaldu du Txalok. Nolabait ere, Sabin Arana kaleko autobus geltoki berria, mugikortasun jasangarriaren intermodal moduko bat bilakatuko dute. Bizikletentzako aparkalekuak, Donostira doazen hiru autobusen geltokia eta Alde Zaharreko igogailua bateratuz. Argitu duenez, "Gaur egungo geltokitik 50 metro urrunduko da Miramarretik, baina Alde Zaharra eta Portuko bizilagunentzat egokia izango da, eta auzoak lotuko ditu igogailuak".

Obra denboran ez dute zirkulazioa moztuko. Eta Kalez Kale programa osoaren baitan galduko diren 25 bat kaleko aparkalekuetatik lau baizik ez dira galtzen Termibus geltoki berria dela eta.

Etorkizuna oinezkoentzat

Nolanahi ere, Kalez Kale programari segida emateko helburua iragarri du Obretarako ordezkariak. Izan ere, gure eskualdean, Espainiako Klima Aldaketaren Kontrako lege berriak Irun baizik ez du hunkitzen. 50.000 biztanle baino gehiagoko hiriek bermatu beharko dute isuri apaleko eremua. Hondarribiak ez du hirigunean halako eremurik ezarri beharko. Baina oinezkoari lehentasuna eman nahi diote berdin. Gonzalo Carrionek dioenez, "ez dugu Hondarribian gunerik itxiko trafikoarentzat, ez dugu hori nahi, baina oinez eta bizikletaz mugitzeak dituen onurak bultzatzeko programa honek bigarren fase bat izango du heldu den urtetik aurrera beste zenbait eremutan".

Erlazionatuak

Kalez Kale programa bere azken txanpan sartua da

Antxeta Irratia 2023 urt 18 Behe Bidasoa