Euskal Herriko historian musikaren bidez bidaiatzeko ikusgarria aurkeztuko dute Hendaian

Antxeta Irratia 2023ko urt. 18a, 00:00

BIDAIA izeneko kontzertua eskeiniko dute igande honetan Hendaian, Daniel Ugarte pilotalekuan Bixintxo besten karietara. Eskualdeko zenbait abesbatzekin lankidetzan, 200 musikari eta abeslari bilduko ditu René Zugarramurdi zuzendariak taulagainean. 

René Zugarramurdi zuzendariak ondutako proiektua Euskal Herriko historiari begira jartzen den musika emanaldi berezia da. Partituren idazketak 2 urte eta erdi iraun du, konplexuena ideia oroko bat garatzea izan da, gertakari historikoak musikara ekartzeko", azaldu digu Zugarramurdik. Abesbatzentzat eta orkestrentzat pentsatutako ikuskizuna sortu du. Eta lana 5 zatitan banatuta dago. "Euskal lurraldearekin lotutako aldi historiko garrantzitsuenak erakusten dira, historiaurretik gaur egunera arteko gertaerak barne hartuz", azaldu du, eta horretarako testuak latinez, gaztelaniaz, frantsesez eta euskaraz idatzita daude.

Eskualdera ekarriaz, Bidasoaldeko zenbait abesbatzen parte-hartzea nabarmendu beharra dago. Izan ere, 200 abeslari eta musikari bilduko dituzte oholtza gainean. Hendaiako orkestrak ez ezik, Lesakako Giltzarri, Irungo IGA eta Hondarribiko Eskifaia abesbatzek bat egingo dute, Kanboko Arraga eta Angeluko Argileak abesbatzekin batera. Haur koru batek, gitarra jotzaile batek eta bakarlari gisa arituko den mezzo-soprano batek osatzen dute talde artistikoa.

COVID denboran aurkeztu zuen proiektua, baina ez da orain arte izan ikusgarri formatu handian antolatzeko aukera sortu zaiela. Hendaiako Bixintxo besten karietara izango da, urtarrilaren 22an 18:00etatik goiti. Baina segidan Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan ikusi ahal izango da urtarrilaren 28an, eta Baionan otsailaren 4an. Lehen kontzertua kitorik izango da, Hendaiako Beltzeniako Daniel Ugarte pilotalekuan, baina Gaztelu aretoan edota 0033 5 59 48 23 58 telefonoaren bidez erreserbatu behar dira.

René Zugarramurdi zuzendariarekin mintzatu da Maia Muruaga lankidea