Pariseko 2024ko olinpiar jokoek Hendaiako kirol ekipamenduak hobetzeko balioko dute

Antxeta Irratia 2023ko urt. 16a, 00:00

Hendaia olinpiar eta paraolinpiar jokoetako prestakuntza gune izango dela probestu du EH Bai-k, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak kirol-azpiegituren hobekuntzarako diru-funtsarekin Hendaiako Irandatz igerileku berria eta Urruñako 'Pump Track' proiektua diruztatzea bultzatzeko. 

Hendaiako herriko etxeak eraikiko duen Irandatzeko igerileku berriaren proiektuak eskatuko duen 8,8 milioi euroko (igerilekuaren eraikuntza berriak) inbestizamenduaren %12a departamenduak diruztatuko du. EH Baiko eskualdeko kontseilariek Hendaia, Urruña eta Biriatuko kirol ekipamenduen hobetzeko aukera aztertu ondotik, Pariseko 2024ko Olinpiar Jokoen baitan frantses estatuak bideratuko dituen laguntza ekonomikoetatik, bi proiektu diruztatzea proposatu zuen joan den ostiraleko Paueko kontseiluan. Pirinio Atlantikoetako Departamenduko kontseiluan onartu egin dute proposamena, eta beraz, Irandatzeko igerileku berriarentzat miloi euroko diruztatzearekin batera, beste 35.280 euro bideratuko ditu Urruñako herriko etxeak plangintzatua duen motocross disziplinako bizikleten Pump Track proiektua osatzeko.

Iker Elizalde kontseilariak azaldu duenez, 2022ko dirulaguntza deialdia hor zegoela jakin zutenean, Hendaia olinpiar jokoetako kirolarientzako ostatu eta prestakuntza gune izendatua izan dela aukera paregabea zen. "Donibane Lohitzune ere izendatu dute zenbait kiroletarako, eta ez dira asko halako olinpiar-hiriak izango ditugunak", nabarmendu du kontseilari abertzaleak.

Oroitarazi behar da Hendaiako herriko etxeak bere burua aurkeztu zuela bereziki itsas-kiroletarako prestakuntza gune gisa. Eta azkenik, ”Terre de Jeux 2024” gisa labelizatua izan dela, bost kirol disziplinetako mundu osoko delegazioak jasotzeko 2024ko Pariseko Olinpiar eta Paraolinpiar Jokoei begira. Hainbat kirolari izango dira Hendaian ostatu hartu eta trebatuko direnak, Ondarraitzeko errugbi eta tenis zelaietan, bai eta Irandatzeko eskubaloi kantxan eta Boccia Complexe Sportif kirolgunean ere.

Erlazionatuak