Eskualdeko osasun publikoaren gabezien aurrean EAJk erakutsitako erantzukizun falta salatu du EH Bilduk

Antxeta Irratia 2023ko urt. 16a, 00:00

Osasun Bidasoa Plataformaren aldarrikapenekin bat egin du koalizio abertzaleak, eta jeltzaleek kudeatzen duten Eusko Jaurlaritzaren "urte luzeetako inbertsio falta" leporatu die, "egungo egoera larriaren aurrean arduraz joka" dezala galdeginez. 

Egunotan Irungo EAJk VIA IRUN 2030 proiektuan kokatuko lukeen Irungo hirugarren anbulategiari buruzko esku-orriak irundar guztien postan banatu ondotik, eta proiektu horri buruz egindako deklarazioen aurrean, EH Bilduk argi utzi nahi izan du, jeltzaleek kudeatzen duten Eusko Jaurlaritzak urte hauetan guztietan Bidasoa eskualdeko osasun zerbitzuekiko erantzukizun faltaren ondorioa dela gaur egun egoera. Gipuzkoako bigarren hiria izanik, ez dituelako tamaina bereko zerbitzuak bermatu.

Osasun Bidasoa Plataformak abendu bukaeraz geroztik abiatutako mobilizazioetan salatzen duten hari beretik, koalizio abertzaleak nabarmendu du gabeziak handiak direla, ospitalean ez ezik, bereziki lehen arreta zerbitzuetan. Osasungintza publikoan izandako inbertsio faltaren ondorioz, pazienteak artatzeko espaziorik ez dagoenez osasun langileak kontsultak telefono bidez egitera behartuta daudela diote. Kasu larrian dauden pazienteak ez dituzte espezialistek artatzen; 2-3 hilabeteko itxaron-zerrendetara bideratzen dituzte, eta adibide bate ematearren, urologian, oftalmologian eta anestesiako espezialistekin egoteko aukerarik ez dago. Abenduan 67 egun itxaron behar ziztuzten pazienteek kardiologoak artatzeko.

Egoera larri honen aurrean arduraz jokatzeko eskatu dio EH Bilduk Irungo EAJ-PNVri. Jakinik gutxienez, hamar urte direla hirugarren anbulatorioaren aldarrikapena mahai gainean dagoela, eta Irungo Udalak 1.000 metro koadroko lur-eremu bat horretarako erreserbatua duela Oinaurren.

Zentzu honetan, osasun azpiegitura eskaxei dagokienez, Irunen egun osasun zentroetan dagoen espazio faltari egun dauden Dunboako eta Zentroko anbulatorioak handitzearekin erantzutea ahalik eta epe laburrenean eskatzen diote jaurlaritzari. Langile kopurua handitzeko eta baliabide material egokiekin hornitu dezatela osasun sistema. EH Bilduk legebiltzarreko taldearekin batera eta herritarren eskutik lanean jarraituko du, Osakidetzaren gainbeherari aurre egin eta herritarrek kalitatezko osasun zerbitzua bermatua izango duen ereduaren alde.