Aurki Ama Xantalen nekropolira bisitak berreskuratuko dituzte, hau berritu eta irisgarritasuna hobetzeko lanak behin bukatuta. Eta Next Generation diru-funtsari esker Oiasso Erromatar Museoaren atzealdean dauden termak berreskuratu eta bisitagarri egiteko proiektua abian jarriko dute aurten.
Oiasso Erromatar Museoak 29.000 bisitari baino gehiago jaso zituen 2022an. Pandemia atzean utzita aurreneko urte normala izan dela aitortu digute museoko ordezkariek. Eta 2021ean baino ia 10.000 bisitari gehiago lortu dituzte. Izan ere, Oiasso museo bat baino gehiago da. Bertako zuzendariak, Juanjo Jimenezek azaldu digunez, "Oiassoren erakusketa arkeologiko bat baino gehiago da, dibulgazioaren aldetik, hitzaldiak, formakuntzak, erakusketa tenporalak eta tailer desberdinak antolatzen ditugu adin guztietarako, betiere, erromatar garaia ez ezik, gure eskualdea eta bere historia ulertu eta ezagutzera emateko helburuarekin".
Hortaz gain, historia aisialdiari lotu daitekeela frogatuta dute. Dies Oiassonis jaialdiarekin ez ezik, FICAB zinemaldi arkeologikoak aurten izandako arrakasta da horren seinale. Eta museoan antolatzen dituzte antzerki edo literatur jarduerak ere.
Urteko erronka nagusiak
2023an ere betiko helburu horietan sakontzeko asmoa dute museoko eramaileek. Baina museoan zenbait aldaketa egingo dituzte erakusketa iraunkorrean. Horretarako museoa itxi egingo dute urtarrilaren 30etik otsailaren 2ra bitartean egokitze lanak egiteko.
Eta urte berriak dakartzan erronka nagusien artean, terma erromatarren proiektua izango da. Behin Ama Xantalen nekropoliaren irisgarritasuna hobetu egin dutela, baselizaren arrasto arkeologikoen gaineko pasarela bat eraikiz, besteak beste, aurki zabalduko dute bisitak egiteko.
Eta museoaren atzealdean dauden 1994an aurkitutako I. mendeko terma erromatarrak bisitagarri egiteko proiektuari ekingo diote 2023 honetan. 2015ean indusketa arkeologiko gunea babesteko estalkia jarri zutenetik museoaren eskaintzan hauek bisitagarri egiteko proiektua izan du udalak. Baina Next Generation Europako dirulaguntza funtsari esker (2 milioi euro jaso ditu Irungo Udalak horretarako) gauzatu ahal izango dute azkenik. Oiasso Museoko zuzendariak aitortu duenez, "museoaren berrirekiera bat suposatuko du, berritasunak piztuko duen jakinminarengatik".