Irandatz igerileku berria eraikitzeko 10 milioi euroko inbestizamendua eginen du Hendaiako herriak

Antxeta Irratia 2023ko urt. 13a, 00:00

Eraikuntza berriaren lanak 2024 urte hastapenean abiatuko dituzte, baina aurretik 1979ko eraikina eraitsi beharko dutenez, bi urtez piszinarik gabe egongo da Hendaia. Eskoletako ikastaroak Irunen egin ahal izatea adostu dute. 

Hendaiako herriko etxeak 10 milioi euro inguruko inbertsioa bideratuko du herriko piztina edo igerileku berria eraikitzeko. 1979an eraikitakoa, Irandatzeko azpiegiturak oso zaharrak daude, eta azken urteetan hainbat konponketa egin behar izan ondotik, osoki berritzeko premian dagoenez, herriko etxeak berri bat eraikitzea deliberatu du. Departamenduak milioi euroko laguntza ekarriko du, Pariseko 2024ko Olinpiar Jokoen baitan frantses estatuak banatuko dituen kirol instalazioen hobetzeko laguntza partidaren baitan.

Bi urtez igerilekurik gabe Hendaian

Hala, garai batean Hondarribian kiroldegirik ez zegoenean, eta Irunen Artalekukoa besterik ez, Hendaiara joan ohi ziren bidasotar asko igeri egiten ikastera. Eta oraingoan, hendaiako eskoletako ikastaroak Irunen egin ahal izatea adostu dute Irun eta Hendaiako udalek. Izan ere, lanak bi urtez luzatuko dira, eta hauek iraungo duten bitartean Hendaiak ez du beste alternatibarik izango. Kirol elkarteei alternatiba emateko piszina probisional bat alokatzea aztertzen ari dira.

Richard Irazusta Hendaiako auzapezaordeak, proiektua jasangarritasun eta trantsizio energetikoaren ikuspegitik ere emango dela iragarri digu. Izan ere, berogailu sistema berria izango du, igerilekuak ez ezik, Hendaiako Gure Ikastola eta Irandatz Kolegioarekin partekatua. Horri esker diru eta energia ekonomia handia lortuko dute.

Lanak 2023a bukatu baino lehen hasiko dituzte, baina urte bukaera arte ez dira hasiko. Lehenik dagoena eraitsi, eta 2024 urte hasierarekin eraikuntza berria egiteko lanekin hasiko lirateke.