Irungo EH Bildu: «Inoiz izandako aurrekontu altuenak badira ere, ez dute irundarren premiak asetzen»

Antxeta Irratia 2023ko urt. 13a, 00:00

Koalizio abertzalea izan zen 2023ko udal aurrekontuen udalbatzan kontra bozkatzen bakarra. "Inertziaz jokatzen duen udal gobernuaren proiektuari alternatibak" atzera bota zizkieten; hirugarren kiroldegia, alardearen antolaketa edota energia eta gizarte laguntzetan.

Abenduaren 29an egin zen legegintzaldi honetako aurrekontuen azkeneko osoko bilkura. Eta Irungo EH Bildu izan zen aurrekontu horien aurka bozkatu zuen alderdi bakarra. Agintaldi honetan egindako bide desbideratu egin ziren horrela. Izan ere, agintaldi honetan abstentziora jo edota gobernuarekin akordio garrantzitsuak lortu izan ditu aurrekontuen baitan. 2020an adibidez, Irunen alokairuko etxebizitzen lehen parke publikoa sortzea adostu zuten. Oraingo honetan, aldiz, koalizio abertzaleak dioenez, "inertziaz jokatzen duen udal gobernuaren planteamenduari alternatibak proposatuta", aurrekontua hobetzeko egindako proposamenak ukatuta ezezkoa bozkatzea erabaki zuten. "Guk ez dugu inertziaz jokatzen", dio Oihana Briones bozeramaleak, "irundarren beharrak zeintzuk diren aztertu, eta haiei erantzuten saiatu gara beti". Hortaz, inoiz izandako aurrekonturik altuena kudeatuko duen urtean, "Irungo Udalak ez ditu herritarren premiak asebeteko" bere ustetan. EH Bilduren arabera, "trantsizio energetikoa, jasangarritasuna, berdintasuna, euskara eta gizarte ongizatean ez direlako aurrerapausorik ematen".

Proiektu handi eta zehatzetan, Irungo hirugarren kiroldegiaren beharra mahaigaineratu du EH Bilduk. Eta hau ere, ez da onartua izan. "Erantzunetan esan zaigu ez dela behar, eta beste azpiegiturekin osatuko direla dauden beharrak", dio Brionesek, " baina guk eskatu dugu ere kirol beharren plangintza bat egin dezatela, kluben eta kirola egin nahi duten herritarrei zabalduta daudenen beharrak aztertuta, horrek eragin bat duelako osasunean".

Bestalde, alardearen gaiari buruz EH Bilduk 2023ko alardea udalak antolatu dezala proposatu du. Eta negoziaketetan gobernuarekin hitzegin badute ere, "Berdintasun Planak agerian utzi du, ze zaila izan den prozesua eta nola ez ohizko gauzak egiten dituzte gaiari ez ekiteko", dio bozeramaleak. Baina ondasun publiko bat denez, eta denen besta delako, EH Bildu gobernuan egongo balitz alarde publiko eta parekidea antolatuko lukeela argitu du.