Otsaila hasieran ospatuko dituzte inauteriak Arantzan

Antxeta Irratia 2023ko urt. 12a, 00:00

Arantzan ere, bertze herri aunitzetan bezala, inauteriak gainean daude eta horien prestaketetan murgilduta daude Mozorro Zuriak. Aurten, otsailaren 2tik 4ra ospatuko dira bertan eta ekitaldiz betetako egitaraua prestatu dute.

Otsailaren 2an, ortzegunean, Mozorro Zurien gosariarekin hasiko dute eguna Primi ostatuan. 11:00etan Mozorro Zuriak eskolara joanen dira puxka-puxkak jartzera. Honen ondotik, Azkilarrea, Aientsa, Eguzkialdea eta Bordalarrea auzoetara joanen dira baserriz baserri eskean ibiltzera. Arratsean berriz, afaria eginen dute Primi ostatuan.

Otsailaren 3an, ortziralean, gosariarekin hasiko dute berriz ere eguna Primi ostatuan. Gosariaren ondotik, eskean ibiliko dira berriz ere Mozorro Zuriak, baina orduan herrian bertan emanen dute itzulia. Eskolako haurrek ere parte hartuko dute eskean, zaharrenak baserrietara joanen dira eta gazteenak herrian bertan ibiliko dira. Eguerdian, Mozorro Zuriak bazkaria ospatuko dute Burlada ostatuan eta arratsaldean, Mozorro txikiei eginen diete harrera. 21:00etan, bertso afaria ospatuko dute Aterpen, Iker Zubeldia eta Joanes Illarregi bertsolariekin eta eguna bukatzeko, 01:00etik aitzinera, Belfast taldeak kontzertua eskainiko du gorapean.

Azkenik, otsailaren 4ean, eskolako haurrak ibiliko dira eskean baserriz baserri goiz guztian zehar. Eguerdian, Mozorro Zuriek bazkaria izanen dute Pabloenean eta arratsaldean, haur, gazte eta helduek mozorrotuen kalejira eginen dute. 19:00etan, Mozorro Zuriek herri kirol erakustaldia ospatuko dute frontoian eta azkenik, inauteriei agur errateko, 00:30etik aitzinera, Bizphiru Pelau taldeak musikarekin girotu du gorapea.