Urtarrilaren 20ra bitarte egonen da irekita lanak aurkezteko epea eta 23tik 27ra erakusketa bat antolatuko dute kartelekin, Lesakako liburutegian, herritarrek euren bozka eman dezaten.
2023ko inauteriak otsailaren 16tik 21era ospatuko dira Lesakan eta udalak hauek iragarriko dituen kartel lehiaketa antolatu du. 18 urtetik gora dituzten Lesakarrek urtarrilaren 20ra bitarte izanen dute lanak aurkezteko aukera eta irabazleak 250 euroko saria eskuratuko du.
Urtea hastearekin batera, bertan ditugu inauteriak ere eta horien prestaketak hasiak ditu dagoeneko Lesakako Udalak, bertako inauteriak iragartzeko kartel lehiaketa antolatu baitu aurten ere. Lanak urtarrilaren 20ko eguerdiko 13:00ak arte entregatu ahal izanen dira eta Lesakan jaiotako edo erroldatutako 18 urtetik gorako pertsonek har dezakete parte. Kartelak A2ko neurria izan beharko du (420 x 594 mm) eta derrigorrez, 2023ko INAUTERIAK LESAKAN otsailaren 16tik 21era agertu beharko da idatzirik. Gainera, jatorrizkoak eta argitaratu gabeko lanak izan beharko dira.
Honen ondotik, urtarrilaren 23tik 27ra, lan guztiekin erakusketa bat eginen dute Lesakako liburutegian. Izan ere, Lesakan jaiotako edo erroldatutako herritarrek erabakiko dute euren bozkekin zein izanen den kartel irabazlea. Honek 250 euroko saria jasoko du eta Lesakako Udala jabetuko da lan sarituez.