2022ko urte bukaeran eman zioten hasiera Euskal Herriko XIV. Mus Txapelketari eta otsaila bukaera bitarte kanporaketak jokatuko dituzte eskualdeko hainbat herrietan, tartean larunbat honetan Donamarian.
2022ko abenduan hasiera eman zioten Euskal Herriko XIV. Mus Txapelketari eta Baztanen zenbait kanporaketa jokatu dituzte dagoeneko. Horren ondotik, Malerrekan jokatuko da hurrengo kanporaketa, zehazki Donamarian, larunbat honetan, urtarrilaren 14an.
Abenduaren 11an Elizondoko Intza ostatuan jokatu zen kanporaketa eta bertan, hamaika bikote aritu ziren. Azkenik, Xabi Karrikaburu-Kottoño Bengoetxea eta Garikoitz Larretxea-Aritz Alunda bikoteak sailkatu ziren Nafarroa Garaiko finala jokatzeko.
Oronozen ere ospatu zuten txapelketaren kanporaketa, Gaztelune elkartean, abenduaren 29an. Bertan, hamar bikote aritu ziren lehian eta azkenik, Bidane Apezetxea-Egoitz Gamio eta Urki Gortadi-Joxean Gortadi bikoteak sailkatu ziren.
Azkenik, Elizondoko Amezti ostatuan jokatu zen urteko lehen kanporaketa, urtarrilaren 8an hain zuzen ere. Hamabi bikoteek hartu zuten parte eta horietatik Edune Santesteban-Xabier Mihura eta Iker Plaza-Denis Lizasoain bikoteak sailkatu ziren.
Larunbat honetan berriz, urtarrilaren 14an, Donamariako Herriko Ostatuan jokatuko dute hurrengo kanporaketa, 17:00etatik aitzinera. Honen ondotik, Leitzaren txanda izanen da eta bertan, lau kanporaketa jokatuko dira: urtarrilaren 28an Landaberri tabernan, otsailaren 4an Peritza tabernan, otsailaren 11n Txoko tabernan eta otsailaren 18an Leitzarra tabernan. Kanporaketa hauek guztiak arratsaldeko 16:00etan hasiko dira.
Herriz herriko faseak otsailaren bukaeran amaituko dira eta martxoaren 11an herrialdeetako finalak jokatuko dituzte. Martxoaren 25ean berriz, final handia ospatuko da Zornotzan.