Irungo Udalak abenduan igorritako bi Berdintasun Planetatik «zein den ona» argitu dezala eskatu dio Emakundek alkateari

Antxeta Irratia 2023ko urt. 11a, 00:00

Urtebeteko prozesu partehartzailean osatutako dokumentuari 50 aldaketa egin zizkien talde sozialistak azken momentuan, alardearen gatazkaren puntua ezabatzearekin batera. Eta hura igorri zuen alkateak izenpetuta, Berdintasun Batzordeak Emakunderi entregatutakoaren ondotik. 

Urtea bukatu bezala, lehengo lepotik burua hasi dute Irunen udalgintza berdintasun politikei dagokienez. Irungo V. Udal Berdintasun Planaren dokumentuari buruz PSE-Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza gobernu koalizioaren muinean sortutako gatazka politikoak jarraitzen du. Izan ere, urtebeteko prozesu partehartzaile baten ondotik, joan den abenduan udalak bi berdintasun plan desberdin igorri zituen Eusko Jaurlaritzako Emakundera. Bata, abenduaren 14an, Berdintasun Batzordeak onestutako agiria arloko ordezkariak berak bidali egin zuena. Eta bestea, Jose Antonio Santano alkateak izenpetuta, abenduaren 16an.

Miren Etxebestek, Berdintasun arloko udal ordezkariak aste hartan salatu zuenez, alkateak igorritakoa "bulego baten espazio itxi batean aldebakarrez erabakitako aldaketak jasotzen duen plana" da. Izan ere, partaidetza prozesuan adostutako txostenari 50 aldaketa egin zizkion udal talde sozialistak, haien artean Alardearen gatazka Berdintasun Plan honetatik ezabatu egin zuelarik.

Baina Emakundek jasotako bi txostenen aurrean, "behin-betikoa" zein den argitu dezala eskatu dio Miren Elgarresta Larrabidek, Emakundeko zuzendariak eskutitz bidez alkateari. Gutuna abenduaren 30ean zigilatutakoa da. Baina Etxebestek salatu duenez, "gutun horren berririk ez du alkateak eman Berdintasun arloan, eta Emakunderi eskatuta informatu ahal izan naiz azkenean".

Nolanahi ere, udal gobernu koalizioak plan definitiboa adostu eta eztabaida argitu beharko duela aitortu du Elkarrekin Podemoseko ordezkariak. Halere, argi utzi du Antxeta Irratian, ez duela Alardearen gatazka berdintasunaren ikuspegitik landu eta konpontzeko puntua barneratzen ez duen planik onartuko. "Azken batean, Berdintasun Batzordeak osatutako planak udal teknikari, eragile feminista eta udal talde politiko guztien ekarpenekin osatua izan da, eta beraz, berme demokratiko guztiak dituen bitartean, alkateak igorritakoa ez da inorekin partekatu".