Bertsularien Lagunak elkarteak HAIZEA DATOR bertso emanaldien saio berri bat antolatzen du ostirala honetan Hendaiako ENBATA gaztetxean, arratsaldeko 19.00etatik aurrera.
Haizea dator Bertsularien Lagunak elkarteko transmisio lantaldeak sortutako ekimena da. Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoko bertso-eskoletako ikasleei, eta jadanik bertso-eskolatik atera diren bertsolari gazteei bertso saioetan kantatzeko aukera ematea du helburu. Eta horretarako, hiru lurraldeetan gaindi dauden bertso eskolek, bertso saioak antolatzen dituzte beraien herrietan, eta bertsolari gazteek kantatuko dute saio horietan.
Orotara, 8 saio antolatuko dira ikasturte honetan, eta Hendaiako Enbata gaztetxeak jasoko du urtarrilaren 13 honetan. Ibai Lekuona, Irati Aizpurua, Martxel Agirre, Garikoitz Agirre, Maddi Ane Txoperena eta Aitor Servier bertsolariak arituko dira. Emanaldi honen inguruko xehetasunak bildu ditugu, Aimar Karrika Bertsolarien Lagunak elkarteko kidearekin.