Zimizarga, Akartegi, Gornutz, Arkolla eta Amuteko baserri, jatetxe eta nekazal-etxeetan zuntz optikoa izango dute aurki, Hondarribiko gainontzeko tokietan izan dezaketen moduan.
Egungo isolamendu teknologikotik ateratzeko Banda Zabala programa Hondarribiko landa eremuetara iritsi da. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2.500 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan internet sare zuntz optikoa hedatzeko helburu behin bete duela. Udalerri populatuagoetako eremu isolatu edo barreiatutako nekazalguneetan hasi da lanean. Hondarribiko Udalak aukera probestu nahi izan du, eta dagoeneko interneterako sarbide azkarra lortzeko egin beharreko lanak hasiak dira, hilabete gutxiren buruan Zimizarga, Akartegi, Gornutz, Arkollan eta Amuteko baserri, jatetxe eta nekazal-etxeetan zerbitzua eskura ukan dezaten.
Hiru baserri identifikatu dituzte, non aurreikusitako instalazioak ez zuen estaldura bermatuko. Urrutien dauden baserriak, Justiz, Artzu eta Gornutz. Baina aldundiarekin adostu dute, instalazio posteen bikoiztea, haiengana ere heltzeko. Kalixa Silanes, Landa Garapen eta Ingurumeneko zinegotziak argitu duenez, eskari asko izan ditu udalak baserritarren aldetik, oso estaldura kaxkarra dutelako edo deus ez, eta konektatuta egoteko aukera izango dute denbora gutxian".
Zuntza aire zabaleko posteetan
Obra eta Zerbitzuetako udal ordezkariak, Gonzalo Carrion 'Txalo'k azaldu duenez, “instalazioa ez da konplikatua, hirierdian ez bezala, landa eremuetan ez da zuntz optikoa lurrazpian sartuko, telefonikaren betiko poste eta kableatuaren bideetan ezarriko dira, airetik". Honekin, instalazioa azkartu ahal izango dela, eta baserri inguruetan txikiziorik ez dela egingo nabarmendu du. Sei ramal edo zutabe nagustian hedatuko da zuntza, eta horietatik baserri inguruetarako adarrak luzatuko dituzte. hondarribia.eus udalaren atarian norbere baserrira seinalea noiz helduko den ikusteko aukera ematen duen aplikazioa ezarri dute ere.
Halere, poste asko eremu pribatuetan daude, eta horrek apur bat mantsotu du prozesua, baina jabe pribatuek agertu duten jarrera irekia eskertu du udal ordezkariak. Izan ere, eraldaketa digital osorako beharrezkoak diren zerbitzu digitalen funtzionaltasuna eta kalitatea hobetu ahal izango dira, pertsonen ongizatea eta bizi-kalitatea areagotu.
Internetaren unibertsalizazioa
Praktikan orain arte zuntz optikoa ez ezik, telefono mugikor edo internet estaldurarik ez zuten 100 bat baserrietara heldu ahal izango da. Zimizarga auzoko Bottika eta Gornutzeko izen bereko baserriko jabeek azaldu digutenez, alde handia somatuko dute: "Pandemia denboran dagoeneko gorriak ikusi genituen, dena etxetik eta internet bidez egin beharra zegoelako, eta haurrak dituzten familietan ikasteko interneta ezinbestekoa da gaur egun ere". Orain arte, aldiz, kasu askotan "telefono estalduraren marratxo" baten bila ibili beharra zuten.
Partikularrek jasoko duten onura, estrategikoa bilakatuko da, aldiz, landa eremuetan dauden jatetxe eta nekazal-jardueren kasuan. Haien eguneroko lanak erraztuko baititu kalitatezko internet seinalea erabili ahal izateak.