HondarriBIRA 10K zirkuitu urbanoa herri kirolarientzako prest

Antxeta Irratia 2023ko urt. 10a, 00:00

Bidasoa Atletiko Taldeak "zehatz-mehatz" neurtutako 10 kilometroko ibilbidea aurkeztu berri du Hondarribiko Udalak. Molla ibilbidean (San Juan de Dios biribilgunean) hasi eta Kai Berriko azken muturreraino doan ibilbide zirkularrak, herritarren aire zabaleko jarduera fisikoa sustatzea du helburu. 

Hondarribiko Udalak osasuna prebentziotik hasten dela sinetsita, eta horretan herritarren kirol-jarduerak zeresan handia duenez, adin eta baldintza fisiko guztientzako jarduera fisikoa bultzatzeko ekimenak antolatu ditu azken urteetan. Kalixa Silanes zinegotziak azaldu duenez, "Kirolaren Plan Estrategikoan ageri den moduan, kirola egiteko azpiegitura eta eskaintza hobetzeko helburua du udalak". Horren baitan, aski gazte kirola uzten duten emakumezkoen kirola bultzatzeko egitasmoak eta kirol instalazioak hobetzea ez ezik, Bixi Bizi aholkularitza programa edota adineko pertsonen jarduera fisikoa bultzatzeko Ttipi-Ttapa oinez ibiltzeko irteerak antolatzen dituzte gaur egun.

Baina azken hamarkadatan berezko loraldia bizi izan duten herri-lasterketen irudiko ditugu herriko espaloi, bidegorri, kale eta errepideetan korrikalarien segurtasunarekin pentsatu dute oraingoan. Eta 'HondarriBIRA 10K' zirkuitua antolatu dute. Horretarako, Bidasoa Atletiko Taldeak aspaldian ondo neurtuak dituen eskualdeko ibilbideen artean, Hondarribian 10 kilometroko ibilbide ahalik eta egokiena proposatu du. Iñigo Eseverri, BAT taldeko ordezkariak azaldu duenez, "helburua hasieratik izan da, edozein kirolarik behar duen ibilbide neurtua ongi seinaleztatzea, eta segurua izan dadin trafikoarekin ahalik eta gutxien gurutzatzea". Azkenik, 500 metroro markatua dagoen ibilbide laua antolatu dute, eta hirutan baizik ez du zebrabide bat gurutzatzen.

Berez, korrikalariek ongi ezagutzen duten bidea da. Molla ibilbidetik hasi eta Bidasoa-Benta-Butroi pasealekuetatik hondartzako bidea hartzen du, Kai Berriko azken muturreko monolitoraino joateko aukera eskaintzen du, eta kiroldegitik ere pasatzen da Portutik San Juan de Dioseko biribilguneko abiapuntura heldu aurretik. "Ibilbide osoa egin daiteke, edo hainbat itzuli egin ere, edota norbere zatia bakarrik", dio Eseverrik. Izan ere, 500 metroro seinalizatua dago. Korrika ala oinez osatuta, korrikalarien kasuan "norbere erritmoa errespetatzeko" gomendioa eman digu Joseba Sarriegi adituak.

Hobetu nahi duenarentzat ere, zirkuituaren ezaugarriak deskribatzen dituzten bi informazio-panel ezarri dituzte, eta QR bidez, norbere erregistro eta estatistiketara sartzeko aukera dago aplikazio baten bitartez.

Erlazionatuak

HondarriBIRA 10K zirkuitu urbanoa herri kirolarientzako prest

Antxeta Irratia 2023 urt 10 Behe Bidasoa

HondarriBIRA 10K zirkuitu urbanoa herri kirolarientzako prest

Antxeta Irratia 2023 urt 10 Behe Bidasoa