Euskararen erabilera eskaxak eragindako kezkari aurregiteko xedez, gazteek dituzten hizkuntz-harremanak sakonean aztertuko dituzte Letizia Gartzia eta Aitor Errazkin ikerlariek Ama Guadalupekoa ikastetxeko gazteekin.
Itsasoa, euskara eta ondarea. Enrike Lekuonak bere bizitzan zehar landu eta ikertu zituen ezagutza askoren artean, hiru eremu horietan sakontzeko helburua duen haren omenezko ikerketa bekak euskara izango du aurten aztergai. Bi urtetan behin Arma Plaza Fundazioak 10.000 eurorekin diruztatzen duen ikerketa sozio-linguistikaren alorrera garamatza. "Soziolinguistika eskolan: gaztetxoen hizkuntza ohituren mudantzarako gakoa da" izenburupean, Hondarribiko gazteen artean eta eskola-eremuan euskara aztertzea da bere ikerketa-lanaren ardatza.
Aitor Errazkin Vicente irundarrak eta Letizia Gartzia Fernandez donostiarrak "herriko gaztetxoen hizkuntza harremanen konzientzia garatzeko" ikerlana osatu nahi dutela argitu dute. Herriko hiru ikastetxeei aukera luzatu zieten hasieran, baina azkenik, Ama Guadalupekoa ikastetxeko 2. DBHko 13-14 urtekoekin ariko dira urtarriletik ekaina bitartean eskolan bertan eskuhartuz. Eta ondoren aztertuko dituzte bildutako datu kuantitatiboak eta kualitatiboak ere.
Mondragon Unibertsitatean irakasle eta gazteen hizkuntz-ohituretan doktoretza osatzen ari den Letizia Gartziak dioenez, "hizkuntzen erabilera konzientziatik sendotzen da, eta oinarritik hasiko gara, konzientzia hori garatzeko helburua baitu ikerlanak". Zentzu honetan, Arma Plazako ordezkariek herriko gazteen artean euskararen ezaguera eta erabilera datuak bat ez datozelako kezka aitortu dute. Hortaz, ikerlanaren emaitza ikastetxeetan ez ezik, udalarentzat ere lagungarri edo baliagarria izango delakoan hautatu dute ikerketa proiektua aurtengo bekadun izateko.
Aitor Errazkin irakasle eta sozio-linguistak argitu duenez, "euskararen erabilerari buruzko datuak edo zantzuak ere bilduko ditu ikerketak, baina helburua ez da hori, gure hizkuntza harremanetaz eta ohituretaz konzientzia pizteko beharra identifikatu baitugu". Horretarako, eskolan eskuhartuko dute "ikasleekin batera elkarlanean eta eskolan arrotz izan gabe".