Igantziko Udalak milioi bat euro baino gehiagoko aurrekontua onartu du

Antxeta Irratia 2023ko urt. 10a, 00:00

Igantziko Udalak, abenduaren 23an ospatutako urteko azken osoko bilkuran, 1.033.928,84 euroko aurrekontua onartu zuen gehiengo osoz eta azken hiru urteetako ildo berberari eutsiz. Guzti honi aurreko urteko aurrekontutik gastatu ez dituzten 138.908, 58 euro gehitu dizkiete, Elizateko obra bukatzeko erabiliko dutena.

Elizateko obrak bukatzear daude eta horretarako, taberna eta jatetxeak behar dituzten makinak erosi eta altzariaz hornitzeko aurrekontuko 72.380,34 euro gordeko dituzte. Honez gain, inbertsioen arloan, mendiak txukuntzeko 68.000 euro izanen dituzte. Abeltzaintzako azpiegituretako ere 92.500 euro gastatuko dituzte, nahiz eta dirulaguntzen esperoan dauden hau ziurtatzeko. Fraingo deposituaren uraren bilketa hobetzeko, 35.000 euro erabiliko dituzte, Simonbaitako kisu labea egokitzeko 2.000 euro eta iazko uholdeek suntsitutako Berrizaungo iturri zaharra konpontzeko, 20.500 euro. Azkenik, bide berdiak izandako kalteak erreparatzeko, 128.600 euro bideratuko dituzte eta bertan, harri-lubeta edo eskoilera bat eraikiko dute.

Aurrekontuaren bertze zati bat zerbitzuak mantentzeko eta hobetzeko erabiliko dute. Tartean, zerbitzu anitzeko langile lanpostu finko bat aterako dute horrekin. Gainera, martxoaren 8tik aitzinera, Bortzirietako Berdintasuneko Bulegoa dago Igantzin kokatuta, eta 6.802,04 euro bideratuko zaio honi. Gizarte Zerbitzu Mankomunitateentzat ere 18.000 euro izanen dituzte eta Euskara Mankomunitateentzat, 22.500. UEMAri ere 4.550 euro bideratuko zaizkio, Cederna Garalur elkarteari 3.600 eta Uraren bailarak erakundeari 1.500.

Bortzirietan eta Malerrekan elikagaien dinamizaziorako ezarri den zerbitzu berrirako 900 euro gordeko dituzte eta 4.000 eskolako jangelarentzat. Kulturan, ekitaldiak antolatzeko 9.050 euro bideratuko dituzte, bestak antolatzeko 22.000 euro eta Igerilekuak mantentzeko, 24.000 euro.

Ongintzako elkarte edo erakundeentzako 1.500 euro izanen ditu Igantziko Udalak eta bukatzeko, udalak bankuarekin duen zorra 20.300 eurotan murriztuko da.