Martxoaren 10era bitarte egonen da zabalik, eta narratiba lanak egiteko proiektuak aurkeztu ahal izanen dira. Bekaren irabazleak 6.000 euroko saria jasoko du.
Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak VII. (H)ilbeltza bekaren deialdia ireki dute aurten ere. Euskal literatura beltza hedatu edota munduko literatura beltza euskaratzea ditu helburu beka honek eta aurten, berrikuntza moduan, sormen lan bat sarituko dute.
Martxoaren 10era arte egonen da irekita proiektuak aurkezteko epea. Deialdira eleberri edo ipuin-bildumen proiektuak aurkeztu ahal izanen dira. Hauek euskarazkoak eta jatorrizkoak izan beharko dute, hau da, inon argitaratu gabeak, sariak jaso ez dituztenak eta moldatuak izan ez direnak.
Proiektuak udaleko erregistroan entregatu beharko dira, gutun-azal itxi batean. Bertan, (H)ilbeltza beka idatzi beharko da eta barrenean, bertze bi gutun-azal sartu beharko dira. Batean, Proiektua izena idatzirik egon beharko du eta kontakizunaren azalpena sartu beharko da bertan, 30.000 karaktere inguru izanen dituen lagin batekin batera. Bertzean, Idazlea izan beharko du idatzita eta nortasun agiriaren kopia, banku-kontua eta bankuetxearen agiria azaldu beharko dira horretan.
Bekaren epaimahaia Joseba Otondo Baztando Udalaren ordezkariak, Garazi Arrula Txalaparta argitaletxearen ordezkariak eta (H)ilbeltza elkarteak izendatutako Eneko Barberenak osatuko dute. Irabazlea maiatzaren 10a baino lehen argitaratuko dute eta honek urtebeteko epea izanen du lana burutzeko. Saria 6.000 eurokoa izanen da, 3.000 Baztango Udalak emanda, 2.000 (H)ilbeltza ekimenak eta 1.000 Txalapartak. Irabazleak sariaren erdia jasoko du maiatzean eta bertze erdia lana bukatzen duenean.
Informazio gehiago Txalaparta argitaletxearen webgunean: https://www.txalaparta.eus/eu/berriak/euskal-herrian-literatura-beltza-sustatzeko-vii-h-ilbeltza-beka?mc_cid=b92fecea64&mc_eid=UNIQID